Nafarroako emakumeek ongi erantzun dute zilbor-hestearen odol ematean
Nafarroako ospitaleetan erditu berri ziren emakumeei zilbor-hesteko odola biltzen hasi ziren joan den azaroan, eta eragiketa honek izan duen erantzuna arrakastatsutzat jo zuten atzo Osasun Saileko ordezkariek.
GARA |
Joan den azaroan hasi ziren Iruñeko ospitaleetan erditu berri ziren emakumeen zilbor-hestetik odol-ateratzeak egiten. Atzo, ariketa horrek izan duen erantzunaren berri eman zuten: Nafarroan erditu berri duten emakumeen %18k odola ematea erabakitzen du. Izan ere, azarotik otsailera bitarteko hiru hilabeteetan 221 emakumek eman dute odola, eta horietatik 189 baliagarri izan dira, guztiaren gaineko %85,5, hain zuzen ere.
Zilbor-hestetik ateratako odolaren kalitatea da berau baliagarria egiten duena. Kalitate hori berriz, kantitatearen arabera zehazten da: 110 mililitro odol beharrezko dira, gutxieneko zelularitate kopurua lortzeko. Behar adinako kopuru hori lortzeko hainbat faktorek eragiten dute; erditzearen beraren ekintzaz gainera, odola ateratzeko medikuek egindako lanak ere eragin handia du odol-ateratzearen arrakastan. Hala nabarmendu zuen atzokoan Maria Kutz Nafarroako Gobernuko Osasun Sailburuak. Horregatik, Iruñeko Bideko Amabirjina, Sofia Erregina eta Gartzia Orkoien ospitaleetako langileen lana goraipatu zuen, erditzeez arduratzen diren zentro publikoak horiek baitira.
Bartzelonako Odol Bankua
Joan den azaroan Nafarroan eragiketa hau abian jarri zenean, urtebetean 400 odol-emate izanen zirela kalkulatu zen; atzokoan nabarmendu zutenez, orain arte bezala segituz gero, bi hilabete lehenago, hau da, irailerako, lortuko litzateke aurreikusitako kopurua.
Hala eta guztiz ere, kopuru hori ez omen da nahikoa Nafarroan odol banku bat sortzeko, horretarako nazioarte mailan zehazten den gutxienekoa, 10 urtez 10.000 dosi, ez baita bideragarria herrialde honetan. Hori dela-eta, Nafarroako ospitaleek Bartzelonara bidaltzen dituzte bildutako dosiak, lau urtetarako kontratu bat sinatu baitzuten hango odol bankuarekin. Kontratu hori 10 urte arte luza daiteke. Odola hotzean gordetzen duten han, sei hilabetez gutxienez. Halaxe egiten dute Aragoi, Balear Uharte, Katalunia, Kantabria eta Extremadura lurraldeetako ospitaleek ere.
Zilbor-hestetik bildutako odola hainbat gaixotasunen sendakuntzan erabili ohi da. Bereziki baliagarria da leuzemiaren kasuan, baina linfoma larrien kasuan, bizkarrezurreko aplasietan eta inmunoeskasia larrietan ere erabil daiteke. Halakoetan ohikoa den bizkarrezurreko odol-ateratzea baliatuz baino azkarrago lan egitea ahalbidetzen du zilbor-hesteko odolak; izan ere, hartan denaz beste, erabateko bateragarritasuna izatea honakoan ez da beharrezkoa, beraz, bildutako odola %80an gaixoarentzat baliagarri izateko aukera dago, bizkarrezurrekoaren baliagarritasuna bildutako dosien %20arekin besterik egokitzen ez den bitartean.
Zilbor-hesteko odola ematearen prozedurari dagokionez, haurdun dauden emakumeei ohiko mediku kontsultetan jakinarazten zaie odola emateko aukera dagoela, eta beraiek erabakitzen dute, orduan, baimena eman ala ez. Erditzeko unean baimenaren agiria aurkeztu behar dute. Gisa horretan, haurra jaio berritan eta plazenta oraindik umetokian dagoela, zilbor-hestetik odola ateratzen da, eta hestearen zati bat eta amaren odol lagin bat ere odol horrekin gorde ohi da. Guztia ospitaleko odol bankura eramaten da, bertan hozkailuetan sartu, eta Bartzelonara bidaliko dela, 44 ordutan, gutxi gorabehera. Hango odol bankuan egonen da sei hilabetez, orduan beste analisi bat egiten baita. Amari osasun azterketa bat egiten zaio eta beste urte erdia itxaron ondotik, odol hori erabiltzeko prest legoke.
Leuzemia kasuetan erabiltzen da bereziki zilbor-hesteko odola. Bestelako odolaren aldean, gaixoarentzat baliagarri izaten omen da kasuen %80an, bizkarrezurreko odola, aldiz, %20an besterik ez da izaten.
Atzo jakinarazi zutenez, Nafarroan erditzen diren emakumeen %18k ematen du zilbor-hesteko odola ateratzeko baimena. Bertze herrialde batzuekin alderatuz, kopurua arrakastatsutzat jo zuen Osasun Sailak.