Independentzia «geroa delako» abstentzioaren alde agertu dira
GARA | DONOSTIA
Gazteen eskubideen lepotik aberasten direnei, «eurekin» etorkizunik ez dagoela esan zieten atzo makina bat gaztek, Irunberrin, Laudion, Leitzan, Tafallan, Donostian eta Gasteizen egindako manifestazioetan. Horietan, gainera, etorkizunak «izen bakarra» duela nabarmendu eta hori independentzia dela eman zuten aditzera. Goizuetan, aldiz, Guardia Zibilak hartu zuen lekuan eta ez zen ezer egiteko inolako aukerarik izan.
Herri honen «subiranotasunaren aldeko urratsak emateko unea» dela iritziz, Estatu espainoleko hauteskundeen karietara, abstentziora deitu dute gazteria. Are gehiago, «kartzela» gisa ulertzen duten Konstituzio espainolari «boikota» egitera ere gomitatu dituzte gazteak. Euren ustez, horrela «askatasunari ateak irekiko dizkion ostikada emango baitzaio».
Euskal Herrian ezagututako negoziazio prozesua lasterketa batekin parekatu eta bi helmuga posible egon daitezkeela azaldu zuten: «Marko demokratikoa ala egungo kartzelen menpeko tratu berriak».
Gazte independentistek lehenenengo aukeraren aldeko hautu argia egiten dute. Hala, egun hauetan ohikoa diren hauteskunde kanpaina «hutsal» horiei kritika eginez, esan zuten garaia dela herritarren gehiengoa batzen duten gakoei heltzeko. Horiek, hain zuzen ere, erabakitzeko eskubidea, lurraldetasuna eta elkarrizketa eta akordioaren aldeko jarrera direla azaldu zuten.
Ehunka gazte bildu zituzten mobiliazioek eta karakterizazio berezia izan zuten, lekuan lekuko, euren errealitate hurbilenera egokitzeko asmoz. Gasteizen adibidez, oso gogoan izan zituzten asteartean atxilotutako sei lagunak, eta Arabako hiriburua zeharkatu zuen manifestazioak argi adierazi zuen «errepresioarekin etorkizunik ez dagoela».
Nafarroan egin ziren mobilizazio gehien, eta gazteek NaBai izan zuten kritiken jomuga. Koalizio horrek, arazoa «ereduan jarri ordez boterean jartzen» duela salatu zuten eta azken hauteskundeen ondoren ikusi bezala, «egungo ereduan erabakiak Madrilen hartzen» direla gogoratu zuten. EAJ ere bere protagonismoa izan zuen manifestazioetan eta egungo zatiketa administratiboa Madrilek edota Parisek inposatutako egoera bat izan ordez, «EAJk boterearen truke egindako saldukeria» dela kritikatu zuten.
Haatik, alderdietaz harago, banketxe, inmobiliaria eta enpresa «txikitzaileak» ere gogor salatu zituzten. Horren adibide Donostian egindakoa, izan ere, bertan gogora ekarri zituzten Oarsoaldean eraiki nahi dituzten «superportua, zentral termikoa, aireportuaren handitzea edota errepide sarea». Hala, «diruzaleek euren poltsikoak betetzeko, Gipuzkoa birrinduko» dutela ohartarazi zuten.
Herritar «zintzoei» hitz eginez, «Konstituzioaren barneko asimilazioan dabiltzanei bizkarra eman, eta herri honen alde jaikitzeko garaia» dela esan zieten.