GARA > Idatzia > Euskal Herria

EHEk Iruñeko Udala euskalduntzeko neurriak har ditzala eskatu dio Barcinari

Euskal Herrian Euskaraz taldeak atzo deitutako elkarretaratzera 150 pertsona inguru bildu ziren Iruñeko udaletxearen aurrean. Udala euskalduntzeko neurriak abian jartzeko eskatu zioten Barcina alkateari.

p023_f02_111x111.jpg

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

Umoreak eta aldarrikapenak bat egin zuten atzo Iruñean. EHEk protesta deitu zuen 19.00etan Udaletxe plazan, Yolanda Barcinari Udala euskalduntzeko eskatzeko. Erreibindikazio serioa izan arren, 150 lagun elkartu ziren elkarretaratzean umorerako parada ere izan zen.

Lehenik mobilizazioaren pankarta nagusia atera zuten EHEko ordezkariek: «Guztion indarrez Iruñeko Udala euskaldunduko dugu», leloa irakur zitekeen bertan. Minutu batzuk geroago, polizia britainiarrez eta Yolanda Barcinaz mozorrotutako bost gazte manifestarien parean ipini ziren, «In Yoli´s House, in Castellanish» idatzita zuen pankarta zeramatela. Horrelaxe salatu zuten Yolanda Barcinak Iruñeko Udalan gaztelania inposatu nahi izatea. Gainera, asto belarriekin irudikatu zuten alkatea, haren ergeltasuna agerian utzi nahian, nonbait.

Polizia espainola segituan joan zen manifestariei agerraldia egiteko beharrezkoak diren baimenak eskatzera, baina eskatutako guztiak zituztela egiaztatu ondoren, ekitaldiaren lekuko geratu behar izan zuten.

Bertso saioa «alkatearekin»

Gertakari horren ostean, prestatutako ekitaldiak aurrera jarraitu zuen. Plazaren erdian bertso saioa izan zen Barcinaz mozorrotutako neskaren eta erakunde euskaltzaleko Xabier Maritorenaren artean. Horrela, EHEko kideak euskaraz mintzatzeko eskubidea eta haren estatusa aldatzea aldarrikatu zuen, eta «Barcinak» erantzun zion guztiok gaztelaniaz «very well» hitz egiten badugu, ez dagoela zertan euskaraz mintzatu, eta, gainera, berak Udalaren adierazpenak gaztelaniaz bakarrik idazten dituela, horrela «papera aurreztea» lortzen duelako.

Horren ostean, han bildutakoak udaletxea zinta batekin inguratzen saiatu ziren, baina Polizia espainolak ez zien bere asmoa aurrera eramaten utzi.

Maritorenak azaldu zuenez, Udalari elkarretaratzearen berri emateko bidali zien gutuna euskara hutsean idatzita zegoen, baina dirudienez, «ez diete edukia ongi itzuli» eta horregatik hauek ez zuten udaletxea inguratzeko ekintzaren berri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo