GARA > Idatzia > Euskal Herria

EEPk aurrera daraman hizkuntza politikak «gabeziak» dituela salatu du Kontseiluak

GARA |

Dagoeneko urte bat eta bi hilabete igaro dira iragan 2006ko abenduan Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak hizkuntza politika proiektua bozkatu zuenetik. Atzo, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko bozeramaile Iñaki Lasak eta Ione Josiek urtebeteko ibilbide horren inguruko balorazioa egin zuten Baionan eskainitako prentsaurrekoan, eta bertan, EEPk aurrera daraman hizkuntza politikak «gabeziak» dituela nabarmendu zuten.

Lasak salatu zuen Max Brison buru duen erakundearen egitasmoetan euskarari ez zaiola estatus egokirik eskaintzen, eta bereziki gaitzetsi zuen proposamena «hautu librean» oinarritzen dute- la, emaitzak hipotekatuz eta babes juridiko-legala baztertuz; azken batean, «herritarra babesik gabe uzten dute hizkuntza eskubideen urraketen aurrean».

Era berean, Kontseiluko eledunak nabarmendu zuen EPPk ez duela corpus juridikoa eraikitzeko proposamen bakar bat egiten. «Corpus juridikoa hizkuntza politika egoki baten zutabe nagusienetariko bat da, euskarak babes juridikoa behar du», azaldu zuen.

Iazko aurrekontu bera

Hala, Iñaki Lasak salatu zuen Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hizkuntza politikaren plangintzak helburuen, epe zehatzen eta neurgailuen falta duela. Era berean, azaldu zuen EEPk aurkeztutako plangintza orain arte euskalgintzak egindako lanen zerrendatze hutsean oinarritzen dela.

Lasak 2008ko aurrekontuak ere gaitzetsi zituen iazko berberak direlako. «EEPk euskararen inguruko egitasmo eta hainbat ildo bazterrean utzi ditu, aurrekontu murritza zuela argudiatuta. Beraz, aurten aurrekontu berdina bozkatuz, pentsa daiteke berdin jarraituko duela». Gainera, Kontseiluko bozeramaileak nabarmendu zuen diru laguntzen bana-ketarako irizpideetan argi- tasun falta sumatu dutela. «Ez dakigu EPPk lehentasunez garatzeko asmoa duen proiektuak eta lan ildoak zein diren».

Horren haritik, diru laguntzen banaketan desoreka handia dagoela ohartarazi zuen Lasak, eta haren aburuz, horrek argi adierazten du Euskararen Erakunde Publikoaren hizkuntza politika «harmonia eta koherentzia gabekoa» dela.

Kontseiluko ordezkariak Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika egokia aurrera eramateko eman beharreko pausoak atera zituen mahaira. Haren ustez, hori lortzeko nahitaezkoa da «gardentasuna eta harreman sendoak izatea» eta «lan talde eta sektoreko profesionalez osatutako batzordeak eratzea».

Diru laguntzen banaketari dagokionez, Lasak ezinbestekotzat jo zuen «irizpideak, lehentasunak, epeak, helburuak eta neurgailuak argiki definitzea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo