GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Arteleku.net inguruko edukiak, eskura webguneko telebistan

Arteleku wegunea arte eta pentsamendu garaikideei Interneten leku bat egiteko sortu zen. Handik aurrera, zentroaren inguruan sortzen diren ikus-entzunezko eta multimedia materialak publikoki zabaltzeko xedearekin sortu zen Arteleku TV proiektua.

p066_f02_94x64.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Arteleku zentroa sorkuntza garaikideari ateak zabaltzen dizkion gune fisikoa da. Horren inguruan gertatzen denaren ikus-entzunezko jarraipena emateko asmoz sortu zen 2003an Arteleku TV. Hortaz, telebista atalean ikus-entzunezko eta multimedia materialak aurki daitezke; elkarrizketak, animazioak eta emanaldiak, esate baterako.

Arteleku TV osatzen duten materialak eskuragarri daude webgune orokorrean. Horretan datza, hain zuzen ere, proiektu honen oinarria: arte garaikidean interesa duen edonor edonoiz joan daiteke atal hau bisitatzera eta han aurkituko ditu Artelekun egindako hainbat ekintza.

Telebistan dauden materialen ekoizle dugu Aitor Bengoetxea eta, berak azaldu duen moduan, orain dela urte batzuk sortu zen proiektua gaur egungo teknologietara moldatzeko prozesuan murgilduta dabiltza egun. «Gauza asko ditugu oraindik hobetzeko, proiektua bizi denetik tresna berri asko sortu baitira», azaldu du Bengoetxeak.

Arteleku TVko arduradunak esan bezala bi ildo dituzte lan egiteko. Alde batetik, Artelekuko programazioaren barruan dauden tailer edo ekintza desberdinak erreportaje formatuan webgunean islatzea da helburu nagusia. Gainera, eduki horiek gorde eta sailkatu egiten dira, bide batez artxibo funtzioa ere betez.

Zuzeneko emanaldiak

Lan egiteko bigarren ildoa zuzenean egiten diren emanaldiak dira. Hala ere, Bengoetxeak azaldu duenaren arabera, urtebete daramate zuzenean ezer igorri gabe. Eta saio hauek dira, hain zuzen ere, hobetzeko geratzen diren ataletako bat. «Indar gehiago har dezaten hainbat hobekuntza tekniko egin nahi ditugu».

Proiektuaren etorkizunari begira, zaharberritze orokor bat eman nahi diote webgune osoari. «Malgutasun handiagoa lortu nahi dugu, nahiko zaharkituta geratu baitzaigu», onartu du materialaren ekoizleak. Udazkenean kokatu dute hobekuntzen gauzatzea. Prozesu honetan Arteleku bisitatu duten hainbat proiekturen eragina baliagarria izan dela esan du Bengoetxeak: «Ez gara proiektu itxi bat, elkartrukeei irekita gaude hobetzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo