GARA > Idatzia > Gutunak

Hedoi Abdelaziz Gasteiz

Komunikazioaren ekintzaileei, ongi etorri!

Prebentzio gudaren garaian, Ertzaintza Gasteizko Universal lokutegian sartu eta hiru lagun atxilotu zituen orain dela zenbait egun Grande Marlaskaren aginduz. Egun bat beranduago hirurak kalean ziren; batek epaitegi aurrean aurkeztu beharko du astero. Atxiloketaren berria egunkarietako lerroburuetan eta telebistako albistegietan izan da; kaleratzea zutabe ezkutuetan edo besterik gabe inon ez. Komunikabideek jakingo dute herritar hauen zer irudi eman nahi duten. Epailearen salaketak Gerra Sainduaren aldeko mezuak mp3 eta CDetan batzen zituztela zioen. Ekintza burutu aurretik espetxeratzea ohitura judizial denean, norbanakoek jakin ez arren, etorkizunean legea urratuko dute; epaileek eta segurtasun neurriek badakitenez, norbanakoak espetxeratzen dituzte. Neoconsen jokabide legal berria Europan ere zabaltzen hasia da, beraz. Delitua egin aurretik, egitasmoa izan baino lehen, atxilotzen gaituzte. Orwelen ipuin onenetan bezala. Beraz, ez ginateke justiziaren beldur izan behar, gure buruetan dugunak ikaratu beharko gintuzke. Demagun inork Front Nationalen webguneko bideoak ikusten dituela; agian urte batzu barru frontista bihurtu eta holokausto judua ukatuko duelako gaur bertan atxilotzea hobe lukete; norbaitek etxean «Braveheart» filma izango balu, Mel Gibson bezala katoliko tradizionalista izan liteke, laikotasunaren erasotzaile; Marx irakurtzeak proletarioen diktaduretan gulagak egitera bultza dezake, edo ikasleak Pragan hiltzera; Bob Marley entzuteak kalamuaren trafikatzaile goren bihur dezake inor; Carmina Burana entzuteak Polonia inbaditzeko gogoa eman.

Patxi Lazcoz alkatea Gasteizen irudiaz arduratu zen atxilotzeen harira. Irudi txarra zuen batik bat Ertzaintzak Gasteizko euskaldunen artean, orain arabiar eta musulmanen artean ere badu. Komunikabide ugarik izua eta bortizkeria kanpotik datorkigula marrazten digute, eta halaxe da. Gasteizko alde zaharrean irribarrea da nagusi euskaldun, espainol, pakistandar, aljeriar, saharaar, senegaldar, ekuatoriar eta ginearren artean. Eta bortizkeria, zakurren zaunkak eta bultzadak Arkautetik etorri ziren alde zaharrera, kanpotik etorri da izua eta bortizkeria. Irribarrearen hiru ekintzaileak munduaren leihoak zabaltzen dizkigute haien lantokian: lokutegian. Hurrengo batean Marlaska eta ertzainek komunikazioaren aldeko gudari hauen langunea ikusi behar lukete. Ohartuko lirateke nola esaterako Gasteizeko aljeriar hauek Balzari euskara irakats diezaioketen, zenbateraino dauden hirian errotuta. Antza denez, ordea, Grande Marlaskak eta Arkauteko lagunek euskal herritar berri hauek zaharrak bezala tratatuz integratu nahi dituzte: bultzaka, kartzelaz, beldurrez. Salam.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo