Jaioberriak euskaraz erregistratzeko arazoak salatu ditu Behatokiak
Justizia Ministerioak eskubidea dela aitortu badu ere, epaileak jaioberriak euskaraz erregistratzeko arazoak jartzen ari direla salatu zuen Behatokiak. Legea betearazteko borondate falta nabarmendu zuten.
GARA |
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak agerraldia egin zuen atzo Donostian ume jaioberriak erregistratzerakoan ariketa hori euskaraz egitea legeak aitortzen duen eskubidea dela-eta, horrela bete ahal izatea aldarrikatzeko. Izan ere, erakunde hau iaz Justizia Ministerioarekin harremanetan jarri zen eta harengandik jaso duen erantzunak «herritarren eskubide» irizten dio jaioberrien euskarazko erregistroak egiteari.
Hala ere, urtarrilean jasotako erantzunean zehazten denez, «moldaketak egin behar dira programa informatikoetan». Lakuako Gobernuak ere erantzun dio Behatokiaren ekimenari: Latin hizkuntzako jatorrikoa ez denez, euskararako itzulpenetan arazoak sortzen omen dira, eta horiek konpontzeko hiru hilabeteko epea eskatu zuten. Atzo salatu zutenez, emandako epea agortu da jada, baina ez dago euskarazko erregistro libururik: «Etxeko lanak egin gabe, eta are gehiago, euskaraz egin diren erregistroak baliogabetzeko prozesuak abiatu dituzte», ohartarazi zuten.
2007ko abenduaren 19an egin zen euskarazko lehen erregistroa, Aretxabaletako Erregistro Zibilean. Atzo Behatokiak jakitera eman zuenez, «geroztik Euskal Herriko erregistro zibil ugaritan izan dira horretarako eskaerak». Berria adituta, guraso askok jo omen zuten erakundera informazio eske, eta eman beharreko urratsak azaltzen dituen dokumentua prestatzeaz gain, Behatokiak beharrezkoak diren formularioak eskuragarri jarri zituen. Aretxabaletako lehen erregistro hartan liburu berezi bat zabaldu behar izan omen zuten, aipatu bezala, gazteleraz besterik ez baitago.
Halere, hainbat herritan egin dira euskarazko erregistroak; Tolosan, Santurtzin, Ajangizen, Gernikan, Donostian, Ondarroan, Deban, Uharte-Arakilen, Bilbon eta Igorren adibidez, eta beste hainbatetan euskarazko liburuak eskatu dira, Behatokiak jakin ahal izan duenez.
Arazoak izan dira hala ere; kasu batzuetan, eskaera egin eta bi orriko dokumentua hamazazpi egunera bidali dute itzulpen-zerbitzura. Gauzak horrela, Gernikako Erregistroko epaileak umea jaio baino lehen espedienterik ez duela irekiko jakinarazi die guraso batzuei. Epaile berak beste eskaera bati ez dio erantzun ere egin, eskaera espedienteari uko egiten dio ohar bat erantsita ebatzi zuelarik auzia. Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok onartezintzat jo zuen epaile batek herritarren eskaerei gisa horretako erantzuna ematea. Era berean, ez omen dute onartuko «etorkizunean Justizia Sailak orain ukatzen zaigun eskubidea bermatuko duela eta hori lorpena dela esatea».
Jaio orduko eskubide urratuak
Baina ez da hori izan kasu bakarra. Bilbon erregistroa eginda zutenek epailearen probidentzia jaso omen dute, izen-ematea baliogabea dela eta gaztelerazko liburuan berriro egin beharra ohartaraziz; Donostiako epaile batek euskarazko erregistroak egiteko debekua ezarri du, eta izena emateko epea laburra izanik, gurasoek ez dute helegiteko aukerarik. Hori da Nora Barrosoren kasua; atzo salatu zuenez, «umeari esan beharko diot utzikeriarengatik legeak aitortzen dion eskubide bat urratu ziotela jaio bezain laster».
Paul Bilbao Behatokiko zuzendariaren hitzetan, «argi dago herritarrek hizkuntza eskubideak bermatzeko jarrera aktiboa hartzen dutenean deserosotasunak sortzen direla».