Liga Federala
Donibane Lohizunek bikain ekin dio igoera faseari
Jaitsiera fasea euskal derbi batekin abiatu zen, eta Nafarroak ez zuen hutsik egin zaleen aurrean Maule mendean hartu baitzuen; hala ere, ez batak ez besteak ez zuen norgehiagoka handirik egin.
Jon LEUNDA | BAIONA
Donibane Lohizunek ezin hobeto hasi du Pro 2rako igoera fasea, etxean 39 eta 6 menderatu baitzuten Pays D'Ax, baina Pro2ra igotzeko oraindik lan asko egin beharko dute.
Partidako berririk kaskarrena, zaleek emandako erantzuna izan zen, 400 ikusle besterik ez baitziren hurbildu Pabilioi Urdinera. Gorri-berdeak galtzen hasi ziren, baina berehala itxuraldatu zuten markagailua, eta norgehiagoka osoan aurretik ibili ziren. Sigaudek, Pardonek, Zubizarretak eta Labrochek egin zituzten euskaldunen entseguak, eta Elizondok bost zigor kolpe eta bi transformazio gauzatu zituen. Esan beharrik ere ez dago, Donibane Lohizunek multzoko lehen postua hartu duela. Igoera fase honetan, lehen faseko puntuek ez dute balioko, eta denak hutsetik hasten dira.
Derbi beroa
Jaitsiera fasea ere herenegun abiatu zen, derbi batekin gainera, Baigorrin neurtu baitziren Nafarroa eta Maule, 2.000 ikusleren aurrean. Fase honetan, lehen fasean talde bakoitzak zituen puntuak hartzen dira kontuan.
Maule zen Baigorrin irabazteko faboritoa, baina zuberotarek azken unean Pro 2rako iogoera fasetik at geratze horrek min egin zien, eta nabaritu zen herenegungo partidan; 24 eta 14 galdu zuten norgehiagoka estu baten ostean.
Iturririak aitzineratu zituen etxekoak zigor kolpe bat gauzatu ostean, baina Bouillonek berdindu egin zuen beste zigor bati esker. Bazirudien lehen zatia berdinketarekin amaituko zela, baina azkeneko jokaldian, Fagooutek entsegua egin zuen, eta Iturririak transformatu egin zuen, eta 10-3koarekin joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatiaren hastapena oso mugitua izan zen. Iturririak drop bat eta zigor bat gauzatu zituen etxekoentzat, eta Bouillonek bi zigor zuberotarrentzat, eta hala, markagailuan 16-9koa jarri zuen. Partidako azkenen minutuetan talde bakoitzak entsegu bana lortu zuen, baina inork ez zuen transformaziorik gauzatu, eta arauzko denboratik kanpo, Zelanek zigor bat lortu, eta neurketa erabaki zuen. Maulek 26 puntu ditu, eta Nafarroak, berriz, 21.