Clermont-Ferrand Zinemaldiko sailik ausartena Tabakaleran ikusgai
Estatu frantseseko erdialdean dagoen Clermont-Ferrand herrian film laburrei eskainitako zinemaldia egin ohi dute orain 30 urtetik. Bertan, film laburren sortzaile, ekoizle, banatzaile, erosle, kritikari eta jarraitzaileak biltzen dira urtero, baina aurten jaialdiko sailik ausartena Donostian ere ikusi ahal izango da. Izan ere, Labo saila Tabakalerara gerturatu dute, eta gaurtik igandera bitarte lan ugari ikustearekin batera, zuzendariekin hitz egiteko parada ere izango da.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Donostiako Tabakalerak Clermont-Ferrand Nazioarteko Zinemaldiko Labo izeneko saileko film laburrik interesgarrienak eskainiko ditu gaurtik igandera bitarte.
Duela 30 urte ospatzen da Clermont-Ferrand herri frantsesean izen bereko zinemaldia, eta Tabakalerako zuzendari nagusiak, Joxean Muñozek, aurkezpenean argitu zuenez, jaialdia «laburraren aldeko apustua aldarrikatzeko gunea da». «Film laburren sortzaile, ekoizle, banatzaile, erosle, kritikari eta ikusleentzat urteko erreferentzia da gaur egun», gaineratu zuen.
Labo saila Clermont-Ferrand jaialdiko sailik ausartena da; bertan «filmerik berrienak eta erreferentzia gurutzatutako lanak» eskaintzen baitira Muñozen hitzetan. «Hain justu ere, Tabakalerarekin bat egiten duen saila da», esan zuen.
Donostiako aurkezpenean gonbidatu ugari egon zen Muñozekin batera; horien artean Borja Cobeaga, Koldo Almandoz, Frederic Temps edo Carlos Rodriguez zinemagileak, eta baita Labo sailaren koordinatzaile den Calmin Borel ere. Borelek saila «zine digitalaren eztandaren» ondotik sortu zela argitu zuen. «Euskarri desberdina zen eta ateak zabaldu nahi genizkion. Gure ustez, sail honekin zinemagile ez diren beste profesional batzuri ere ateak zabaltzen dizkiegu, hau da arkitekto, dantzari edo margolariei, esate baterako», esan zuen.
Labo2008Tabakalerak hala ere, ez du ikustoki soila izan nahi, «elkarrizketa gune» izateko helburua du eta horregatik film laburren proiekzioarekin batera mahai inguru eta solasaldiak antolatu dituzte, hain zuzen, Topagune izenpean.
Gaurtik hasi eta larunbata bitarte egunero-egunero bi hitzordu izango dira hortaz, Tabakaleran. Lehena 17.30ean izango da, Topaguneko mahai inguruak ordu horretan izango baitira, ondoren 20.00etan ikusi ahal izango dira filmak. Proiekzioen ondotik solasaldia egingo dute egunero, larunbatean eta igandean izan ezik, eta solasaldi horretan zuzendarietako batekin hitz egiteko aukera izango da.
Topaketak
Gaur bertan izango da Topaketen lehen hitzordua 17.30ean; zine esperimentalean aditua den Frederic Temps eta Borja Cobeaga zinemagilea «Film laburraren ildo artistiko berriak» izango dute mintzagai. Horren ondoren film laburren proiekzioa hasiko da.
Lehen film laburrak «Energie!» du izena, Thorsten Fleisch alemaniarrarena da eta argazki papereko orri batek 30.000 volt inguruko deskarga elektrikoa jasotzean eraikitzen diren sistema bisual berriak jasotzen ditu. «Energie!»rekin batera beste zortzi lan eskainiko dituzte. Biharkoari dagokionez, Topaketetan Euskadiko Filmategiko Txema Muñozek «Film laburraren promozioa eta hedapena gaur egun: euskal film laburrak munduan» izeneko hitzaldia eskainiko du. Ondoren bederatzi film labur izango dira ikusgai.
Ostegunean «Film laburraren finantzaketa Europan» izango da gai nagusia Koldo Zuazua ekoizlearen eskutik, gero hasiko da zortzi lanen proiekzioa.
Ostiralean Topaketaren gaia «Film laburra eta teknologia berrien aukera» izango da Carlos Rodriguez zuzendariaren eskutik, ondoren etorriko dira zortzi film labur.
Larunbatean, aipatu bezala, ez da Topaketarik egingo eta 19.00etan izango dira zortzi lanen proiekzioak.
Labok Donostian egingo duen azken egunean, igandean, aurreko bost egunetan eskainitako 42 film laburren hautaketa bat izango da ikusgai 19.00etatik aurrera.
Proiekzio guztiak jatorrizko hizkuntzan eta gaztelaniazko azpitituluekin eskainiko dituzte, biharkoa izan ezik. Azken honek euskarazko azpitituluak izango ditu.
Lekeitioko Udalak urtero herrian ospatu ohi den Euskal Zine eta Bideo Bileraren jarraipena bermatu du. Izan ere, orain gutxi Lakuako eta Bizkaiko Foru Aldundiko laguntzarik ez zutela jasoko jakin zuten eta ondorioz udala jaialdia bertan behera geratuko zela argitu beharrean izan zen. Azkenean, hala ere, udaletxeak jaialdiaren sortzaile batzuekin batera egindako ahaleginari esker 31. edizioak ere aurrera jarraituko du. Orain arte emandako lehen pausoa jaialdiko web orrialdea berritu eta jaialdiaren desagertzea iragartzen zuen oharra bertatik kentzea izan da.
Antolatzaileek jaialdiak orain arteko filosofia eta helburu berak izaten jarraituko duela argitu dute, bai eta euskarazko zinemagintza eta bertako errealizadoreen lanak bultzatzen jarraituko dutela ere. Lekeitioko Udalak esan duenez, aurrerantzean, hala eta guztiz ere, instituzioen laguntza eskuratzen saiatuko da. Aipatu behar da, jaialdiak iraun duen 30 urteetan Lea Artibaiko hitzordu kultural garrantzitsuenetariko postua eskuratu duela, eta urtetik urtera ikusle kopurua handitzen ikusi duela.
Lekua: Tabakalera (Mandasko Dukea, 52).
Datak: Gaurtik igandera bitarte.
Informazio gehiago: Egunero egiten diren solasaldiak www.tabakalera.eu web orrian bilduko dituzte. Bertan foro bat ere irekiko dute ikusleen iritziak biltzeko asmoz.