GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Unibertsitatea sustatzeko egitasmora batu da EHBE ekimena

Iragan otsailaren 11n UEUk, Kontseiluak eta Nazio Eztabaida Guneak osaturiko Euskal Unibertsitatearen Sustapen Taldeak unibertsitate nazionala 2010-2011 ikasturterako martxan egon litekeela iragarri ondoren, orain Euskal Herriak Bere Eskola taldeak proiektuaren «sozializaziorako» elkarlanean arituko dela jakinarazi zuen atzo Donostian. Horretarako, datorren hilabeteetan Euskal Herriko unibertsitate ezberdinetan egitasmoa aurkeztuko dute.

p024_f01_110x100.jpg

GARA |

Asteek aurrera egin ahala, Euskal Unibertsitatearen aldeko egitasmoa bidelagunak topatzen ari da. Atzo, EHBEk EUSTekin batera unibertsitate nazionalaren «sozializaziorako» elkarlanean arituko dela iragarri zuen Donostian eskainitako prentsaurrekoan.

EHBEko bozeramaile Asier Lauzurikak nabarmendu zuen unibertsitate propioa edukitzea Euskal Herriaren garapen kultural, ekonomiko, sozial, teknologiko zein pedagogikorako oinarrizko ardatzetako bat dela, eta horretarako behar kolektiboak eta behar indibidualak asetze bidean jarriko dituen unibertsitate nazionala eratzea nahitaezkotzat jo zuen. Hala, Euskal Unibertsitatearen sorrera Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean emaniko urrats gisa kokatu zuen.

Horrez gain, Lauzurikak nabarmendu zuenez, Euskal Unibertsitate egitasmoak abiada bizia hartu du azken hilabeteotan, baina kontraesankorra badirudi ere, aurreproeiktua duela sei urte mahaigaineratu arren inork gutxik ezagutzen duela ekarri zuen gogora. Horregatik, EUSTekin adostu duten proeiktuaren sozializaziorako elkarlanak «helburu argia» duela azaldu zuen. «Orain arte Euskal Unibertsitatearen eraikuntzan eman diren urratsen berri eman nahi diegu unibertsitateko irakasle, langile, ikasle eta bertan izan nahi duten herritar nahiz eragile ezberdinei».

Lauzurikaren aburuz, helburu horrek unibertsitate nazionalak etorkizunean izango dituen erronka ezberdinei ateak zabalduko dizkie, haren ustez egitasmoaren ezagutzak «Euskal Unibertsitatearen aldeko babes soziala, unibertsitatearekiko motibazioa eta auzolana» sustatzen lagunduko baitu.

Hala, lau esparru ezberdin jorratuko dituztela iragarri zuen EHBEko eledunak: «Euskal Unibertsitatearen aldarrikapen historikoa eta dinamika sozialak izaniko garapena azken urteetan», «egitasmoaren aurreproiektua», «egindako hainbat lan osagarri» eta «aurrera begira, zer?».

«Guztion laguntza eta babesa»

Alde horretatik, Lauzurikak oroitarazi zuen Euskal Unibertsitatearen eraikuntza «jendartearen aldarrikapen baten ondorioz» etorri dela, eta hortaz, «beharra errealitate bilakatu dadin» egitasmoak «guztion babesa, laguntza, ekarpena eta prestutasuna» beharko duela nabarmendu zuen.

Hori lortzeko, Euskal Herriko unibertsitateetan hainbat aurkezpen saio egingo dituztela iragarri zuen EHBEko eledunak. Horrenbestez, otsailaren 27an eta 28an Ibaetako eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko kanpusetan izango dira Euskal Unibertsitatearen aldeko plataformako eledunak, eta apirilean berriz, Leioan (10ean), Arrasaten (16an) eta Gasteizen (22an) aurkeztuko dute egitasmoa. Bestalde, maiatzean eta ekainean Baionako, Tuterako, Eibarko eta Bilboko kanpusetan egoteko asmoa dutela jakinarazi zuen Lauzurikak.

Horrez gain, proiektua ezagutarazteko beste bitarteko komunikatiboak ere kaleratuko direla azaldu zuen eledunak; besteak beste, egitasmoaren inguruan informazioa helaraziko duen CD interaktiboa, www.euskola.org web atariaren irekiera, UEUren liburuxka berdea eta EHBEk antolaturiko erakusketa.

I

duela sei urte

EHBEko eledun Asier Lauzurikak oroitarazi zuen Euskal Unibertsitatearen proiektua «duela sei urte» abian jarri zela, baina, hala ere, egitasmo hori «inork gutxik» ezagutzen duela deitoratu zuen.

aldarrikapena

Alde horretatik, nabarmendu zuen EHBE «Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko herri ekimena izanik», bere sorreratik «lehentasunezko aldarrikapenetako bat» Euskal Unibersitatea eratzeko pausoak ematea izan dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo