GARA > Idatzia > Kultura

Nostalgikoak larrituta daude Polaroidek istanteko film bobinak egiteari utziko diola-eta

Argazkigintza digitalaren gorakada dela-eta, Polaroiden istanteko filmen bobinak egiteari utziko dio enpresak. Bobina hauen zaleek kontrako iritzia islatu dute, batez ere, Interneten bidez.

p056_f03_137x104.jpg

Paula GIL | SAN FRANCISCO

Merkatuan produktua oraindik arazorik gabe topatu ahal bada ere, Polaroid argazki kamerentzako istanteko filmen bobinen zaleak larritzen hasi dira. Enpresa honek istanteko argazki filmen bobinak egiteari behin betiko utziko dio. Arrazoia? Argazkigintza digitalaren gorakada, eta, horren ondorioz, Polaroid kameren salmenten beherakada. Izan ere, datu ofizialen arabera, produktu honen salmenta %25 jaitsi da urteko.

Erabaki horren berri joan den astean izan ondoren, produktu honen hainbat erabiltzailek kezka eta haserrea agertu du, horien artean, argazkilari profesionalek, artistek, diseinatzaileek, arkitek- toek eta medikuek. Dagoeneko, Polaroid kameren bobinen desagerpenaren kontra, sei mila sinadura baino gehiago jaso dituzte Interneten.

«Ez da etxean argazkiak ateratzen dituztenentzako teknologia zaharkitua, baizik eta profesionalentzat oso baliogarria den tresna», adierazi zuten Polaroidzaleek. Andy Warholek berak sarritan erabili zituen bobina hauek eta hainbat argazkilaritza irakaslek ere erabiltzen omen dute beren klaseetan.

Hortaz, Polaroiden istanteko filmen bobinazaleak produktu hau monopolizatzen hasi dira, agortuko den beldur. Interneteko Amazon.com dendan, adibidez, argazkigintza ez digitalaren atalean, Polariod kamerentzako istanteko filmen bobinak gehien saltzen ari diren produktuen artean daude.

Hala ere, argazki film hauen banaketa 2009. urtera arte bermatzeko nahikoa produktu baduela jakinarazi du enpresak. Horretaz gain, lizentzia beste enpresaren bati saltzeko asmoa duela ere aurreratu zuen, horrela, lizentzia eroslea litzateke istanteko film bobinen saltzaile berria. Gehien irabaziko duena, baina, FujiFilm enpresa izango omen da, bere produktuak Polaroid kamerekin bateragarriak baitira.

Langileak, kalera

Etorkizunari begira, argazkigintza digitalari eta teknolgia handiko telebistei begirako produktuen salmentari ekingo dio Polaroidek, baina, bitartean, 450 langile kalera botako dituela adierazi du, hainbat lantegi itxiko dituztela argudiatuz: Mexiko, Holanda eta AEBetako Norwood eta Walthameko lantegiak, hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo