Pasaiako kanpo portuaren engainua
Euskal Herriko administrazioen ahotik sarritan entzun izan dugu euskal herritarron edo halako ingurutako euskaldunen garapena, aurrerabidea, ia biziraupena bera, administrazio horien -eta Madrilgo Administrazioaren- proiekturen baten mende dagoela eta, ondorioz, proiektu horiek eztabaidaezinak direla. Nabarmena izan zen Lemoizko zentral nuklearraren aldeko diskurtsoa orain dela zenbait hamarkada. Herri aurkaritzak proiektua bertan behera utzarazi zuenetik, ordea, inori ez zaio bururatu zentral nuklear hura herri honen garapenerako premia zkoa zela esatea. Hala ere, beste hainbat proiektu defendatzeko behin eta berriz errepikatzen dute diskurtso hura. Pasaiako Portu Agintaritzak kanpo portuaren proiektua aurrera ateratzeko euskarri hartu duen ikerketa da horren azken eskandaluzko erakusgarria.
Dokumentuak kanpo portuaren eta korridore intermodalaren ontasunak baino ez ditu aipatzen; haren arabera, beraz, ez dute arazo bat ere sortuko, ingurumen-txikizio ikaragarria ekarriko dutela gauza jakina bada ere. Halaber, datu kontraesankorrak ematen ditu; beste datu batzuk, ordea, Administrazioak berak eskatutako beste ikerketa batzuek gezurtatzen dituztenak. Harrigarria gertatzen da proiektu hori Pasaiaren ingurumen, hirigintza eta ekonomi birsorkuntzari lotzea, proiektuaren aldeko buruzagi politikoek egiten duten bezala, edo Pasaia biziberritzeari, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren arabera.
Portu Agintaritzak aurkeztutako ikerketa hori engainagarria da, engainatzeko egina. Baina, aldi berean, argigarria, agerian uzten baitu Madrilera hemengo herritarren interesak defendatzera doazela esaten duten horiek Madrilekin herritarren interesen eta borondatearen kontrako proiektuak adosten dituztela. Pasaiako kanpo portua, eta beste zenbait azpiegitura erraldoiren proiektuak, kudeaketa eredu baten erakusgarri dira, interes partikularren aldeko kudeaketa, demokrazia parte hartzailea lau urtean behin egin beharreko zeremonia hutsera mugatzen duen kudeaketa eredua, azken batean.