«Buda Collapsed Out of Shame»-ren estreinaldia heldu da azkenean
GARA | DONOSTIA
Hana Makhmalbaf Irango zuzendari gazteak, azkenean, bere lehenengo filma aurkeztuko du. Hainbat atzerapenen ondoren, gaurtik aurrera ikusi ahal izango da 18 urte besterik ez dituen zuzendari honen lana, Donostiako zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia eta Beste Begirada sariak lortu zituena.
Baktay da filmaren protagonista, eskolara joan nahi duen afganistandar neska eta herrialde horretan bizi diren xiiten gutxiengoko kidea. Harainoko bidean ume batzuen erasoa jasango du. Inguruko egoeraren eragina dela eta, umeek, jolas bat balitz bezala, Baktay harrikatu nahi dute, bera suntsitu -talibanek Budaren estatuarekin egin zuten bezala- edota beraren aurka tiro egin, estatubatuarren adibidea jarraituz. Baktayren irmotasuna dela eta, analfabetismoaren aurkako borrokan jarraituko du oztopo guztien gainetik. Azkenean iritsi da bidaia hau azaltzen duen filma eta gaurtik aurrera ikusi ahal izango da zuzendari goiztiar honen lan hunkigarri bezain kritikoa.