GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikastolak gorputz heziketa berritzeko beharrari nola erantzun aztertzen hasi dira

Xibaren VII. Naziomintegiak gorputz heziketa izan du hizpide. Gaurko egoerarekin gustura ez, eta Euskal Herriko curriculumean gorputz heziketa ikusmolde berriekin lantzeko proposamena egin dute. Ikastolen Elkarteak hartu du aldaketa ahalbidetzearen ardura.

p028_f02-199x116.jpg

GARA |

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko Xiba proiektuak, VII. Naziomintegia burutu berri du, pasa den asteazkenean, Altsasun. Eztabaidarako gune honetan bildutakoek gorputz heziketak irakaskuntzan duen tokia aztertu dute eta etorkizunari begira, heziketaren esparru garrantzitsu honetan aurrerapausoak emateko baliogarriak izan daitezkeen hainbat proposamen mahai gainera atera dituzte.

Antolatzaileek onartu dute azken hilabeteotan EAEko dekretuaren inguruan sortu diren tirabiren ondorioz «gorputz heziketaren gaia pil-pilean» dagoela; baina, bestela ere, bere garrantzia badu, «Euskal Herria bere osotasunean hartzen duen Euskal Curriculuma» osatzeko lana aurrera doan neurrian.

Gaiari heltzeko, lehenik eta behin, gaur egungo egoeraren azterketa egin zuten. Horretarako, gorputz heziketak Euskal Herriko hiru administrazio ezberdinen heziketa sisteman zein toki, garrantzi, helburu eta abar hartzen duen eztabaidatu eta jaso zuten. Mapa horretatik ondorio argi bat atera zuten, hots, «gorputz heziketari ez zaiola garrantzirik ematen, ez curriculum eta programetan, ez eta bitartekoetan ere». Egoerak desberdinak izanda ere, joera ildo beretik omen doa hiru administrazioetan: «gorputz heziketa ordu curricularretatik baztertu eta kanpoko kirol ekintzetara mugatu» egiten da.

Ikusmolde berriak

Euskal Curriculumetik gorputz heziketa «beste ikusmolde batekin» landu behar dela ikusten dute eztabaidan parte hartu dutenek, «pertsonaren garapen integrala, beren ingurune natural, sozial eta kulturalarekin oreka batean». Helburu hori lortzeko, alta, gaur egungo errealitatea gainditzeko beharra argi ikusten dute, baita hezitzaileen formazio beharra ere.

VII. Naziomintegian ondorioztatutako ikusmolde berrien beharrarekin bat egin du Ikastolen Elkarteak, eta horiek ahalbidetzeko proiektu batzuk martxan jarriko ditu.

Xiba proiektuan aritzen diren kideek uste dute Naziomintegia oso garrantzitsua izan dela gogoeta egiteko eta «Euskal Herri osoko irakasle teta laguntzaileen arteko ezagutzarako».

joera berdina

Euskal Herria hiru administrazio ezberdinetan banatuta egon arren, joera ildo beretik doa hiruretan: gorputz heziketa ordu curricularretatik baztertzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo