GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek ezin du zalantzekin jokatu

Jon LEUNDA | BAIONA

Biarritzek denboraldiko partidarik garrantzitsuenetakoa jokatuko du gaur 15.00etatik aitzinera Agilera estadioan. Izan ere, Stade Française hartuko baitu, sailkapeneko bigarren taldea.

Zuri-gorriak une honetan laugarren postuan daude, eta gaurkoan aukera dute aurretik dituen beste hirurengana gerturatzeko. Horretarako, ordea, garaipena behar dute. Bestela, aurrekoek ihes egingo diote, eta laugarren postu hori galtzeko moduan ere geratuko lirateke, atzetik dituzten taldeek irabazten baldin badute.

Biarritzek orain arte egin duena ikusita, ez dago itxaropentsu egoteko arrazoi askorik. Lapurtarrak oso partida kaskarrak ari dira jokatzen. Aurreko urteetan entseguak egiteko erraztasun handia erakutsi bazuten ere, aurten arazoak izan dituzte, nahiz eta azkeneko jardunaldian hiru egin zituzten.

Hamabostekoa erabakita dago, eta honako hau izango da: Coetzee, August, Moala, Thion, Couzinet, Betsen, Malonga, Cronje, Yachvili, Bosch, Thierry, Traille, Masi, Ngwenya eta Brusque. Aulkian: Cortese, Wesels, Carizza, Vahafolou, Dupuy, Pey- relongue eta Willems geratuko dira aukeraren baten menturan.

Aviron

Avironek ere neurketa garrantzitsua izango du Clermonten zelaian, 17.30etik aurrera. Frantziarrak finalerdiak jokatzeko postuetan daude, eta zuri-urdinek haiengana hurbiltzeko parada ederra dute. Gainera, gaur irabazi, eta Biarritzek galduko balu, hiriburukoak laugarren jarriko lirateke.

Hala ere, Avironek ez dauka galtzekorik ezer. Beraien helburua mailari eustea izan da, eta horretan ari dira, nahiz eta dauden postuan egonda, goragoko beste asmorik ere egin dituzten. Arazorik handiena, orain arte, etxetik kanpo dute, eta gaur joera horri amaiera emateko asmoarekin joan dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo