«Agritubelen badakite sasoian naizen artean egurra emango dudala»
TXIRRINDULARIA
Denboraldia aurreneko pedalkadak ematen ari da, baina Mikel Gaztañaga itsasondoarra dagoeneko sasoi puntu onean dago. Agritubelen bigarren urtea beteko du aurten gipuzkoarrak. Iazko urtearekin alderatuz, Jimmy Casperrentzat lan egitea egokituko zaio, eta gaurko Het Volk klasikoan ez da egongo. Hala ere, lasterketarik ez da faltako Gaztañagak bere abiadura eta maila erakutsi ditzan.
Arnaitz GORRITI |
Agritubel taldeak beste pauso bat eman du aurtengo plangintzan. Christophe Moureau ekarri du Tourrera begira, eta Jimmy Casper esprinter nagusi izateko. Hala ere, Mikel Gaztañaga eta bere kideei ez zaie lanik faltako.
Zer moduz zaude denboraldi hasiera honetan?
Iaz baino dezente hobeto. Kilometro asko sartu ditugu abenduan eta urtarrilean eta, klasikoetara begira, nahiko ongi entrenatu gara.
Hala ere, ez zara Het Volk klasikoan izango.
Ez. Hasiera batean parte hartzekoa nintzen, baina denboraldiaren zati honetan lasterketa gutxi dago, eta hautagai asko. Beraz, biharamuneko Kuurne-Brussel-Kuurne delakoan, eta asteazkeneko Le Samyn proban parte hartuko dut.
Bestalde, aurten taldeak aldaketa garrantzitsu bat egin du. Tourrera begira Moureau fitxatu du eta etapa irabazle gisa Jimmy Casper.
Nolako lasterketak dira asteburuko hauek?
Paris-Roubaix lasterketaren antzeko ibilbidea dela esan genezake. Het Volk-en harbideaz gain, aldapa oso pikoak aurki ditzakegu. Kuurne-Brussel-Kuurne delakoan aldiz, ibilbidea lauagoa da. Hala ere, parte-hartzea bi lasterketetan oso antzekoa izan ohi da eta, azken urteetako garaileak zein diren ikusita, benetan zaila da irabaztea.
Zure lana, batez ere, Casperri laguntzea izango al da?
Tira, denboraldiak luze joko du eta, azkenean, aukerak denontzat izango dira. Lasterketak talde handian iristen badira helmugara, han Casperren alde egingo dugu lan. Bestetik, klasikoak kontrolatzeko zailak izaten dira, eta eguraldiak ere badu zeresanik: haize babesak, euria; gero, erorketak... adi ibili beharko dugu aurrean sartzeko.
Estatu frantseseko taldeek denboraldia beste era batera planteatzen dute. Han taldeek hasieratik egurra ematen dute; asko daude eta garaipenak hasieratik bilatzen dituzte. Agritubelen kasuan, behintzat, badakite sasoi onean nagoen artean egurra emango dudala.
Zein izango da zure egutegia?
Esan bezala, hasteko Kuurne-Brussel-Kuurne eta Le Samyn probetan lehiatuko naiz, eta horietan zentratu nahiko nuke. Ondoren, ikusteko dago. Agian Paris-Niza korrituko dut, edo Portugalgo Volta ao Distrito de Santarém izeneko itzulia. Horren ostean, Frantziako Kopako klasikoak eta Nazioarteko Kriteriuma, Paris-Roubaix arte.
Ilusio handia egiten dit Paris-Roubaix berriro korritzeak. Iaz nekatuta iritsi nintzen eta oso gogorra da, baina sasoian bagaude lanak emango dugu.