«Txiliku» eta Morpurgoren ipuin bana hartu du «Xaguxar» sailak
Elkar argitaletxeak Jesus Mari Olaizola «Txiliku»ren eta Michael Morpurgoren ipuin bana kaleratu berri du, biak ala biak haur eta gazte literaturako esparruan, eta euskaraz. Autore zarauztarra «Zaldun beltzak» liburuaren egilea da, eta ingelesa «Kensukeren mundua»-rena.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Eider Eibar (Zornotza, 1980) gaztearen marrazkiekin atonduta labetik irten berri da Jesus Mari Olaizola Txilikuren liburu berria: «Zaldun beltzak», hamar urtetik gorako irakurleei zuzenduta dagoen 120 orrialdeko ipuina.
2004. urtean haur eta gazte literaturako Euskadi Saria irabazi zuen Txilikuk. Bere lan berrienak, bada, garai batean idazten ziren zaldunen istorio eta kondaira haietako bat gogorarazten du. Meer-Mari printzesa da istorio honen protagonista ausarta. Baina ez da ohikoa. Finean, «gatz eta piperrez zipriztindutako» istorioa dela azaldu zuen Elkarreko ordezkariak atzo Donostian egindako aurkezpenean.
Ipuineko narratzailea, bestalde, ez da Txiliku, Jokin Galtxagorri baizik. Kasu honetan, alegia, pertsonaia horrek Maider izeneko neskato bati kontatuko dio zaldun beltzaren kondaira. Ipuin baten barruan beste ipuin bat aurkituko du, beraz, irakurle gazteak liburu honetan. «Polita izan da esperientzia. Alde batetik egungo istorioa eta bestetik kondaira dagoelako, eta erronka antzeko bat izan da hori marrazkietan agertzea», esan zuen Eider Eibar ilustratzaileak.
Txilikuk aitortu zuen «ikaragarri» gustatzen zaiola mitologia, eta istorioaren atzean mitologiaren halako kontatze bat dagoela funtsean. Bi mitologia daude, bada, liburuan: Euskal Herrikoa litzateke bata, Zarautzen betidanik izan baitira famatuak galtxagorriak. Beste alderdian, aldiz, mitologia epikoa genuke: «Batetik bestera pasatzen da ipuinean zehar. Ipuin klasiko bat bezala hasten da, baina Jokinek istorioa pixka bat aldatu, eta kontakizun ezberdin bat joango da sortzen. Hurbilekoa, ezagunagoa, mundukoagoa den istorioa joango da ikusten».
Elkar argitaletxeak «Xaguxar» bildumari gehitu dion beste lan berria «Kensukeren mundua» da, Michael Morpurgo idazle ingeles ezagunarena; Michael Foreman-en ilustrazioak ditu, eta Uxue Alberdiren itzulpenarekin ekarri berri dute euskarara.
Uharte jendegabe bati begira
Hauxe du abiapuntu ipuinak: duten guztia saldu eta belaontzi bat erosi du Michaelen aitak, eta munduari bira emateko asmoz Ozeano Barea zeharkatzen ari direla, gau ekaiztsu batean, Michael kareletik behera erori da. Hurrengo goizean hondartza batean esnatu da, uharte jendegabe batean.
Uxue Alberdik azaldu zuenez, «oso gustura» aritu da nolabait Daniel Defoeren «Robinson Crusoe» gogorarazten duen hau itzultzen. «Umea irlan bakarrik geratzen denean beste norbaitekin elkartuko da, eta beste norbait horrek hitz egiteko oso modu berezia dauka. Hori euskara- ra ekartzeko jolasa polita izan da -esan zuen-. Alde batetik, nobela ezagun baten oso antzekoa da istorioa, baina bestetik, badauzka atzean gai asko berez gogorra den istorio hori biguntzen dutenak, mezu positibo asko ematen dituztenak», aurreratu zuen ipuinaren inguruan.