Igor Arzuaga laudiotarrak Mara izeneko bere proiektu musikal berriaren aurkezpena egin du
Mara-k «Lagun eroa» izeneko lana aurkeztu du, piano soinu eta ahotsez soilik egina. Barne-barneko kutsua islatzen dute hamar abestiek, folk puntu batekin. Igor Arzuagaren azken proiektuaren lehen emaitza da.
Marta MORALES | BILBO
Igor Arzuagak bere azken proiektu musikala aurkeztu zuen atzo. Mara da hartu duen izena, eta musika eta estilo aldaketa agerian utziko duen ibilbide bat du xede. «Planteamendu pertsonala da. Beste ildoetatik abiatu nahi dut nire lanbidea, askeago sentitzea, eta jendeari aldaketak egongo direla esan nahi diot», azaldu zuen musikari laudiotarrak, Bilboko Gatazka gunean egindako aurkezpenean.
Horrekin batera, lehenengo lana ere aurkeztu zuen atzo Marak, «Lagun eroa» izenekoa. Ahotsa, pianoz soilik lagunduta, eta maitasunaren gabezia ditu abiapuntutzat CD berri honek. Guztira, hamar abesti dira, gehienak euskaraz. Barneko gaien kutsua du, baina folk puntua ere jasotzen du lanak. «Antzineko musika berreskuratzen saiatu naiz, gure aiton-amonenak, eta horrek folk puntu bat eman dio musikari», azaldu zuen egileak.
Abestien egitura hurbilekoa eta pertsonala da lan honetan; lelo aberatsek, eta pasarte gogoangarriek osatzen dute. «Malenkonia apurtxo bat ere islatzen dute abestiek, baina malenkonia goxoa ere izan ahal da, biolentziarik gabekoa. Hala ere, umorea transmititzen ere saiatu naiz, bestela diskoa ilunegia izango litzateke. Eta dibertigarriak diren letrak ere badira lan honetan», ziurtatu zuen Igor Arzuagak.
Alderdi teknikoari dagokionez, Juanan Rosen Cantón de la Soledad estudioan grabatu da. Horkoxeak dira, berez, lanean bertan entzun daitezkeen gramofonoak, sonarrak, binilo zaharkituak eta denboraz kanpoko bihotz taupadak.
Diseinua Igor Arzuagak berak egin du, Josune Mirandak lagunduta. Bien artean, diskoaren soinuarekin bat datorren urritasuna eta iluntasuna itxuratu dute. «Urritasun hain murritza lortu dugu, ezen ezin izan genituen abestien hitzak gaineratu», aitortu zuen musikari laudiotarrak. Fotokopietan banatuko dituztela ziurtatu zuen.
Kontzertuak, hilabete honetan
Edizioa Politburo Recording Fiaskok egin du. «Zigilu autogestionatua eta asanblearioa da, «zuk zeuk egizu» filosofia bere gain hartzen duena», azaldu zuten arduradunek. Hortaz, Mararen diska 7 eurotan salduko da. «Ez da merkea, legezko prezioa baizik. Produktu hauek luxu bihurtu dira, baina eskuragarri egon behar dira», nabarmendu zuen Arzuagak berak.
Mararen lehen kontzertua martxoaren 6an izango da, Bilboko Kalderapeko gunean, 20.00etan. Hilak 7, Basauriko Baso Zelain gizarte etxean joko du, Audience talde gernikarrarekin batera, 22.00etan. Hilaren 8an, Azkoitiko Matadeixen izango dugu, Audience eta Yakuzi taldeekin, 22.30ean.
Lan berri honen abiapuntua maitasun gabezia da, eta barneko kutsu handia du. Hala ere, Igor Arzuagak azaldu zuen umorea transmititzen saiatu dela, «bestela ilunegia litzateke diskoa».
Diskoa 7 eurotan salduko da. «Ez da merkea, legezko prezioa baizik. Produktu hauek luxu bihurtu dira, eta nire ustez eskuragarri egon behar dira», adierazi zuen egileak.