GARA > Idatzia > Ikusmira

Kurduak, hipokrisiaren biktima

Turkiako Armadak baieztatu zuenez, atzo Iraken mende dagoen Kurdistanetik erretiratu zen, «helburuak beteta» eta, armada horren arabera, ez inolako kanpo presioaren ondorioz, AEBetako presidente George Bushek erasoak geldiarazteko eskatu bazuen ere. Ez dirudi, ordea, Bush kurduen zoritxarrak arduratzen duenik, eta bai Irak okupatuan behar duen orekak. Ez dirudi, halaber, nazioarteko komunitatea, oro har, kurduen egoerak arduratuegi dagoenik, eta batzuetan nazioarteko legedia zalantzazko jokabideetan aitzakia gisa onartu, eta beste batzuetan legedi horren urraketen aurrean beste alde batera begiratzen segitzen du. Baina hipokresia hori agerian geratzeak ere ez dirudi kezkatzen duenik.

Hain zuzen ere, hipokrisiaren erakusgarri baino ez da Irak okupatuko Presidentetzako Kontseiluak Ali Hasan Al Majid «Kimikaria» urkatzeko baimena eman izana. Haren delitua 80ko hamarkadan kurduen kontrako genozidioa gidatu izana da. Baina urte haietan inork geldiarazteko asmorik ere agertu ez zuen genozidioa nekez kita liteke Al Majid urkatuta. Eta hipokrisia berriro ere agertu da bere osoan. Orain dela 30 urteko sarraskiak zigortzeko irrika erakusten duten berberek azken egunetako sarraskiak baimendu dituzte. XX. mende osoan bezala orain ere kurduak galtzaile. Turkiaren, Iraken... eta nazioarteko komunitatearen biktima.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo