GARA > Idatzia > Herri-kirolak

«Atxik!» ekimenaren aurkezpena

Euskal kirolen geroa ziurtatzeko prozesua abian jarri dute

«Gero eta tarte gutxiago dute, ikuspegi folklorista are eta nabarmenagoa da, eta parte hartzea murritzagoa». Kezka hori bultzatuta ekin diote gogoetari.

p051_f01_148x140.jpg

Aritz SORZABAL | ALTSASU

Altsasuko Gure Etxea kulturgunean «Atxik!» izeneko hausnarketa prozesua aurkeztu zuten atzo. Hain zuzen ere, ekimen hori euskal kirolen etorkizun «osasuntsua» ziurtatzeko helburuarekin jarri dute abian, joko asko desagertzeko bidean daudela ikusten baitute.

Horren aurrean, zer edo zer egin beharra zutela azaldu zuen Juan Carlos Etxeberriak, gogoeta horren bultzatzaileetariko batek. «Euskal jokoek eta kirolek gero eta tarte gutxiago dute, ikuspegi folklorista are eta nabarmenagoa da, eta parte hartzea gero eta murritzagoa. Hala izanda, desagertzeko bidean daudela ikusita, zer edo zer egin behar genuelako, abian jarri dugu prozesu hau», esan zuen.

Komunikabideek profesional edo elite mailako kirolei soilik jartzen diotela arreta azpimarratu zuen, herri kiroletan beste hainbat arlo egon arren. «Horrek errealitatea desitxuratzen du, elite mailako kirolariak herri kiroletan dabiltzanen gutxiengoa baitira. Pilotaren adibidea jarriko dut. Profesionalen eta gizonen esku-huskari soilik egiten zaio tartea, beste hamabost modalitate badaude ere. Arraunarekin eta aizkorarekin gauza bera gertatzen da», adierazi zuen Etxeberriak.

Herri kiroletako eragile guztiei hausnarketa prozesuan parte hartzeko gonbita egin zien ondoren. «Eragile, begirale, kirolari, zale eta interesa duen orori egiten diogu dei. Prozesu ireki bat da honako hau, eta guztiok lekua izango dugu, prozesu parte-hartzailea baita. Ziur gaude gauza mordoa dugula elkarrekin partekatzeko. Gu guztion ideia, ikuspegi, izaera, bizipen, egoera, aberastasun iturri izatea nahi dugu», erantsi zuen.

Etxeberriak aurreratu zuenez, hausnarketa prozesuak urtebete iraungo du. Gogoetak bost urrats edo aldi izango ditu. Lehenik eta behin, atzotik hasita, talde eragilea osatzea izango dute helburu. Bigarrenik, maiatza hasieran, oinarrizko txosten bat idatzia izatea espero dute. Hirugarrenik, maiatza eta ekaina bitartean, ekarpenak egiteko aukera emango dute, epe bat jarrita. Laugarrenik, irailean, urrian eta azaroan -uda partean arnasa hartuko dute-, eztabaida piztuko dute. Eta bosgarrenik, abendu inguruan, jasotako guztia txosten batean bilduko dute.

Behin txostena osatuta, «Atxik!» ekimenak bere lana bukatutzat emango duela azaldu zuen. Izan ere, eragileei egokituko zaie txanda gero, ondorioak bere egin, eta etorkizun «osasuntsua» ziurtatzeko zein urrats hartu behar diren planifikatzeko ordua izango baita.

Euskal joko eta kirolen inguruko planteamendu hori Euskal Herri osora zabaldu nahi dutela nabarmendu zuen Etxeberriak, baita gogoeta «kolektiboa» izan behar duela argitu ere.

Xibak antolatutako topaketen lehen jaialdia Hernanin ospatuko da apirilaren 12an

Altsasuko agerraldian, era berean, aurtengo Euskal Herrien Arteko Euskal Jokoen V. Jaialdiak aurkeztu zituzten. Horrenbestez, Xiba elkarteko kide Jone Larrañagak lehen jaialdia apirilaren 12an izango dela aurreratu zuen, eta Hernanin egingo dela.

Apirilaren 19an, berriz, jaialdia Baigorrin egingo dute; maiatzaren 10ean, Saran; maiatzaren 17an, Gasteizen; maiatzaren 24an, Leitzan; eta maiatzaren 25ean, Zornotzan. Sailkatutako kirolari guztiak bilduko dituen Euskal Herri osoko jaialdiari dagokionez, oraindik ez dute data zehatza ematerik izan. Larrañagak jakinarazi zuen izena emateko epea jada zabalik dagoela. A.S.

urtebete

Hausnarketa prozesuak urtebete iraungo duela aurreratu dute. Behin txostena osatuta, «Atxik!» ekimenak bere lana amaitutzat emango du. Ondoren, eragileei egokituko zaie txanda.

bost fase

Gogoetak bost fase izango ditu: talde eragile bat osatzea, oinarrizko txosten bat sortzea, ekarpen aldia sustatzea, eztabaida bideratzea, eta jasotakoa zehaztapenak txostenean biltzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo