Info7k hauteskunde gauean saio berezia igorriko du
Irrati informatzaile eta nazionala izateko xedez jaioak, Interneten eta uhinetan entzun daiteke, martxoaren 9an 19.30etik aurrera egunean zehar jazotakoaren berri emango du eta Ipar zein Hego Euskal Herriko hauteskundeez aritzeko kalitatezko saioa prestatu du.
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Martxoaren 9 gauean telebista eta irrati nagusietan hauteskundeen nondik norakoak entzungo dira. Info7k, komunikazio sozial eta zuzenaren helburuari eutsiz, Euskal Herri osotik egindako saio berezia zabalduko du. Martin Garitano izango da Hego Euskal Herriko hauteskunde orokorrak eta Ipar Euskal Herriko udal hausteskundeak aztertuko dituen saio honen gidari. Berarekin batera, Floren Aoiz, Iñaki Iriondo, Dani Gomez eta Iñaki Altuna arituko dira beren analisiak egiten.
Hedabide gehienetan euskal gizartearen eskubideen ukazioa legitimatu dutela kontuan hartuz, Info7 isilpean geratuko den informazioaren berri ematen saiatuko da. Horretarako, irratiaren arduradun den Gari Mujikak azaldu duenaren arabera, «logistika aldetik apustu sendoa» egin dute. Esaterako, Hego Euskal Herrian abstentzioa herriz herri neurtzeko software berezia landu dute hainbat herritarren aukera aktiboa aintzat hartzeko xedez. Ipar Euskal Herriko udalerri eta kantonamenduetako emaitzak ere zuzenean emango dituzte, Euskal Herri mailako informazio osoa eskainiz.
Eguneko gertakarien jarraipenak ere bere lekua izango du saioan, albiste nagusien berri emanez. Lehenengo datuak eskuratu bezain laster hasiko dira haiek aztertzen eta, parte hartzea izaten denez horien artean goiztiarrena, laster jakin ahal izango dira Aoiz, Iriondo, Gomez eta Altunaren balorazioak. Internet bidez datuak berehala ezagutzeak ez du aparteko zailtasunik izango; hortaz, Info7k balorazioen sakontasun eta kalitatearen aldeko apustua egin du.
Ipar zein Hego Euskal Herriko emaitzak jakin bezain laster, alderdi politiko batzuen bozeramaileek hartuko dute parte saioan beren lehenengo balorazioen berri emateko. Esaterako, Iñaki Anasagasti, Marine Pueyo, Txentxo Jimenez, Tasio Erkizia, Denis Itxaso, Marian Beitialarrangotia eta Oscar Matute politikariekin egingo dituzte loturak.