GARA > Idatzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Obama hilko balute

Apustu-etxeetan postura-gai izatea bakarrik falta zaio, eta ez nago batere ziur jada ez ote den hala izango non edo non. Barack Obamaren gorakada behin betiko amaiaraz dezakeen balizko atentatuaren hipotesia zertuko balitz, izan ere, neurriz kanpoko esfortzua egin beharko bailitzateke García Márquezen izenburu errepikakorrari aipamenik ez egiteko. Ozenki iragartzen da... gertatzekotan, zailagoa izan dadin, sinetsi nahi dut.

Hipotesi hori lehenbizikoz entzun nuenean, «super astearterako» hamar bat egun falta ziren eta barretxoa ahoratu zitzaidala gogoan dut. Baina esalea (estatubatuar petoa bezain jantzia, Obamazalea, bozemaile arrunta baino haratago) nor zen erreparatze hutsarekin joan zitzaizkidan barregurak, eta onartu behar izan nion ez zela, ez, zentzugabeko ateraldia. Horregatik, otsailaren 5eko primarioetatik aurrera Obamaren aukerak (eta arriskuak) biderkatuta geratu zirenean, ez zitzaidan batere harrigarria gertatu Susan Sontag bezalakoek errezelo-iragarpen berbera plazaratzen zutela ikustea. Eta neure inguruan, ni baino zentzuzkoagoa den jende askori entzun diot, fatalismoaren konbentzimenduz: «Hau tiroz botako dute». Ez diet posturarik hartuko.

Zergatiak hausnartzean, ordea, ez nago horren ados pronostiko hori darabilten gehienekin. «AEBetan badira Etxe Zuriko nagusia beltza izatea inolaz ere ametituko ez dutenak», diote. Badira, bai. Baina ez dut uste Obamaren arriskurik handiena supremazista zuri horiengandik letorkeenik. Obamaren benetako arriskua, JFKren kasuan bezala, establishment ekonomiko-militarraren ilunpeetatik dator. Horrelako «newcomer» bat (Senatuan daramatzan hiru urte eta Illinoisko Senatuan eman zituen beste zazpietara mugatzen da Obamaren esperientzia politikoa: huskeria bat usadio estatubatuarretarako), bera bezalakoez inguratua (presio talde nagusienetako bakarrak ere ez zuelako aurreikusten garaile irten zitekeenik eta, bide batez, haren alboan leku hartzeari muzin egin ziotelako bere garaian), Washingtonera iristen ikusteak loa galarazten die ahaltsu askori, ziur. Gauza potoloegiak geratuko lirateke kontrolik gabeko horren eskuetan. Hortik aurrerakoa, killer-ak bilatu eta prestamenak egitea, ez da zaila horretan trebatutako jendea sobera duen herrialde batean.

Bada, irailaren 11koa baino larriagoa izango litzateke AEBen etorkizunerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo