Fito Rodriguez Idazlea
Mentekatoei Gutuna
Euskaldunok arrazoi guztien jabe ez bagara ere, badugu hamaika arrazoi Euskal Herria badela esateko eta, bistan da, historian zehar hori ikusi eta idatzi duenik badago
Arrazoi guztien jabe ez den gizaki motza bide da mentekatoa («mente captus» latinetik eratorritakoa), eta hitz horretaz baliatu zen Unamuno idazlea Espainiako Legebiltzarrean bere nazio zapalkuntza salatu zuten euskaldunak izendatzeko: «Hablar de nacionalidades oprimidas perdonadme la fuerza, la dureza de la expresión, es sencillamente una mentecatada; no ha habido nunca semejante opresión, y lo demás es envenenar la historia y falsearla» (1932an Espainiako Gorteetan diputatua zelarik).
Arrazoi osoaren jabe ez garenok badakigu, ordea, arrazoi guztiak bere alde daudela pentsatzen duena gezurtia besterik ezin dela izan, zeren «mentekato» hura zabaltzen hasi zenean (XVI. mendearen bukaeran) «mens, mentis» (adimena) horren ordainean ere «miente» (gezurra) zerabilten arrazoi guztiak omen zituenaz aritzeko.
Euskaldunok, ordea, gure motzean, gure berri «Divina Commedia»n irakurri genion Dante Aligheriri XIII. mendean Italiaren izaeraz inork gutxik ezer amesten ez zuela eta italiera bera ere existitzen ez zela: «Eta nik esan nuen -maisua, saiatu zaitez, ahal baduzu/ jakiten nor den bere etsaien/ mendean erori den dohakabea-/ ene gidaria beregana hurbildu zen/ eta nongoa zen galdetu zion, eta erantzun zuen:/ -Nafarroako Erresuman jaio nintzen-.../ bai zorionekoa Nafarroa,/ inguratzen duen mendiarekin defendatuko balitz!».
Ildo beretik eman zigun gure nazioaren albistea Michel Montaignek: «Euskaldunak hain bizi ziren zoriontsu antzinatik, ezen inongo epailerik ezin baitzen haien auzietan sartu, ez eta inongo kanpotarrik haien eztabaidak baretzera sartu ere...; euren jokaera eta janzkerak bereziak ziren, eta belaunaldiz belaunaldi gurasoek seme-alabei emandako gobernu propioak zituzten, euren ohiturei kalte egiten ez zieten bitartean onartzen zituztenak» («Les Essais» ospetsuetan XVI. mendean mentekato hitza bera hedatzen hasi zenean).
Eta Ilustrazio garaiaz, zer esan? Ezagunak baitira Voltaire-en aipamenak: «Pirinioetako magalean bizi diren basko edo baskoi esaten zaien herriak... gizon nekaezinak dira, ausartak eta alaiak eta oso gustura geratuko zarete beraiekin» («La Princesse de Babylone») edota J.J.Roussearenak: «Hors de moi je n¨ai vu que lui seul (le biscaïen) de tolérnat depuis que j´existe, que son ami fût juif, protestant,turc, bigot, athée, peu lui importait, pourvu qu´il fùt honnète homme» («Confessions»).
Euskaldunok arrazoi guztien jabe ez bagara ere, badugu hamaika arrazoi Euskal Herria badela esateko eta, bistan da, historian zehar hori ikusi eta idatzi duenik badago.
Hortaz, Wilhem von Humboldt gogora ekartzeak lotsa eta dena ematen du, hain zen euskaltzalea bere ikuspuntua: «Inoiz ikusi dudan herrialde bakarra da kultura intelektuala eta morala herrikoitasunean benetan txertatzen duena, goiko eta beheko klaseen artean sekulako leizea jartzen ez duena, nolabait esateko, goiko klaseen heziketa eta argitasuna, neurri batean bederen, behekoetara lerratu baita» ("Euskaldunak").
Beraz, Madrilgo Gorteetan honetaz guztiaz nekez jabetu arren, «ez frantziar ez espainiar; euskaldunak euskaldun dira» Sabino Aranak izkiriatu aurretik, Victor Hugok berak frantsesez idatzita utzi zuen eta, Francoren pean, Orson Wellesek ingelesez adierazi zuen «Around the World» filmean.
Hala eta guztiz ere, San Jeronimo kaleko Leioen atzean ezkutatzen diren hautetsi haiengandik iraina eta iseka besterik ezin da espero. Ez dute ulertzen baina ez euskaraz tutik jakiterik nahi ez dutelako (goian aipatu oro, nork bere hizkuntzan argitaraturik laga baitzuen) arrazoi guztia haiek daukatela uste dutelako baizik, eta, ustez, Parlamentuan bildu arren (Hitzen egoitzan) euskaldunekiko elkarrizketari muzin egiten diote behin eta berriro, etengabe, euskaldun izaera ezabatu nahi duten bitartean. Hortaz, zertarako joan haienagana?
Euskaldunok, beharbada, motzak izango gara historian geureari eusteko behar adina indarrik metatzea erdiesterik izan ez dugulako, baina, gure motzean, etsipenari aurre egiteko hamaika arrazoi badugu, eduki, eta ez guk bakarrik esana.