Batzarra egingo dute gaur zubibideak kaltetutako Basurtoko bizilagunek
Basurtoko Bizilagunen Elkarteak batzarrera deitu ditu gaur Sabino Aranako zubibidearen zaratak kaltetutakoak. Besteak beste, kalte-ordainak eskuratzeko jarraitu beharreko ekinbideak aztertuko dituzte.
GARA |
Bilkura 19.30erako antolatu dute, Inmaculada Parrokiako lokaletan. Sabino Arana etorbideko zubibideko eta inguruko kaleetako zaratak kaltetutako familiak deitu ditu batzarrera Basurtoko Bizilagunen Elkarteak; kalteturiko etxebizitza edo komertzioa izatearen eskaera elkarte horretan aurkeztu dutenei egin diete deialdia hain zuzen.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, besteak beste, «osasuna, bakoitzaren intimitatea eta etxebizitzen onura bezalako oinarrizko eskubideen urraketak direla eta» kalte-ordaina jasotzeko zein lege-ekinbide jarraituko duten aztertuko dute. Bide horren gaineko informazioa helaraziko diete bizilagunei.
Basurtoko Bizilagunen Elkarteak nabarmendu du orain ar-teko lanari eta aldarrikapenari eutsiko diola kaltetutako sendiekin batera: «Borrokan segi-tuko dugu Bilbok lehenbaile-hen sarrera-irteera berriak izan ditzan, modu horretan trafikoa modu orekatuan banatzeko eta gure auzoak zarata jasanezinak izan ez ditzan».
Orain arte, 169 etxebitzak eta komertziok aurkeztu dute «hirigintza munstro horretako [70-eko hamarkadan eraikitako zubibideari erreferentzia eginez] trafikoak eragiten duen zarata onartezina dela-eta kaltetu izatearen eskaria», zehaztu du Bizilagunen Elkarteak. Horietatik 158 etxebizitzak dira eta 11 komertzioak (119 Sabino Arana etorbidekoak eta gainerako 50ak inguruko kaleetakoak). Guztira, 389 pertsona dira kaltetutakoak.
Neurketa esanguratsua
Kaltetuen arabera, erakundeek ez dute sentiberatasunik agertu arazo honen aurrean. Izan ere, inguru horretako zarata maila «jasanezina» dela berresten ari baitira aspalditik. Hain justu, hots horien neurketa egiteko eskatu zion duela gutxi Bizilagunen Elkarteak Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Fisika Sailari, eta emaitzek arrazoia eman diete auzokideei.
Urtarrilaren 21 eta 29 bitartean zaratak neurtzeko hiru gailurekin eginiko azterketa horren arabera, trafikoaren hotsak na- barmen gainditzen ditu maila onargarriak. Hala frogatu zen aste osoan, egunez zein gauez. Are gehiago, gauean larritu egiten da egoera.
Hori guztia dela eta, bizilagun horiek zubibidea eraits dezatela aldarrikatzen dute.