AIZKORA Urrezko lehiaketa
Larretxeak eta Atutxak iragarpenak ongi bete dituzte
Irabazleak azkenengo lanera 20 segundoko aldearekin iritsi ziren eta hor erabaki zuten
Jon LEUNDA | AZPEITIA
Ez zen ezustekorik izan, eta Donato Larretxeak eta Aitzol Atutxak lortu zuten Binakako Urrezko Aizkora, finalean Anjel Arrospide eta Iñaki Aierbe mendean hartuta. Jende dezente gerturatu zen Azpeitiako Izarraitz pilotalekura, eta dirua irabazleen alde atera zen.
45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu hasi zuten finala; aizkolari bakoitzak enbor erdia moztu behar zuen. Arrospide eta Aierbe izan ziren nagusi, 36 kolpetan erdibitu baitzuten enborra, aurkariek baino bat gutxiago behar izan zuten.
Bigarren lanean, bi 45 ontzako moztu behar zituzten, aizkolari bakoitzak bana, eta erlojuaren kontra. Larretxeak eta Atutxak hortxe lortu zuten lehen garaipena. Minutu eta 37 segundotan amaitu zituzten lanak, eta hanmabi segundo atera zizkieten aurkariei; hala faboritoak aitzinetik jarri ziren.
Hirugarren lanean, 80 ontzakoa zutik, eta txanda librean erdibitu behar zuten; gipuzkoarrek hor zuten aldea lortzeko aukera, baina ez zen hala izan. Enborra beraiek eraman zuten, gogor samarra baina, eta ez zien mesederik egin. Leaburukoak eta Ataungoak irabazi zuten. 8.01 izan zen beren denbora, eta hiru segundo atera zizkieten nafarrari eta bizkaitarrari.
Laugarrengoan, kana-erdiko bat zutik eta beste bat etzanda moztu behar zituzten, bakoitzak bana. Horretan ere gipuzkoarrek aukerak zituzten, baina ez zuten asmatu; Larretxeak eta Atutxak aurretik bota zituzten bi enborrak. 4.25 izan zen egindako denbora, eta hamaika segundo atera zituzten.
Saio bakarra falta zen finala amaitzeko, eta hogei segundo zituzten alde Aitzolek eta Donatok. Finala nork irabaziko zuen nahiko garbi zegoela zirudien, eta horrelaxe izan zen. Azkeneko lanean, biko bakoitzak, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar zituzten txanda librean.
Atutxak eta Larretxeak lehen enborretik hartu zuten aurrea, eta lan erdia egiterako auzia erabakita zegoen. Azkeneko lana, 16 minutu eta lau segundotan amaitu zuten, eta minutu bat eta 31 segundotako aldea kendu zieten gipuzkoarrei. Lan guztiak burutzeko, 30 minutu eta 37 segundo behar izan zituzten Larretxeak eta Atutxak, eta 32.38, berriz, Arrospidek eta Aierbek.
Gazteen Mailakoan, Larretxea lehengusuak nagusitu ziren final estu baten ostean. 17 minutu eta 36 segundotan amaitu zituzten lanak, eta Saralegik, eta Olanok, berriz, 17 minutu eta 49 segundotan. Galdu arren, Leitzako bikoak oso itxura ona eman zuen, eta aurrerantzean kontuan hartu beharko dira .
Herenegun gauean Azpeitian jokatu ziren bi finaletan, nafarrak izan ziren gehiengoa. Norgehiagokan aritu ziren zortzi aizkolarietatik bost nafarrak ziren. Gazte mailako laurak, eta helduetako bat. Gainera, larretxeatarrek hiru txapel eramateko aukera zuten, eta hirurak eraman zituzten.