Bakoitzak bere eremuan
Pasa den astearteko gertakari ikaragarri eta mespretxagarrien ondorioz -lau emakume euren bikote edo bikote ohiek erail zituzten- beste gauza batzuen artean argazki xelebre bat ikusi ahal izan genuen: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren kideak euren egoitzaren aurrean manifestatzen.
Politikariei gobernu-politiken aurka manifestazioan ateratzea ez dagokien era berean -goberna dezatela, horretarako hautatuak izan dira eta-, ez dut uste epaileei dagokienik parte diren -eta oinarrizko parte garrantzitsu, gainera- arazoen aurrean protestatzeko, adierazteko edo gaitzesteko biztanleok dugun modua erabiltzea. Hauek ere, gaitzespena agertu nahi badute, ager dezatela euren lana egitean, epaiak ematean, adibidez.
Izan ere, egun berean hainbat emakume elkartek justizia banatzen duten profesionalak kritikatu zituzten Genero-Indarkeriaren Aurkako Legea aplikatzeko beharrezkoak diren ahaleginak ez dituztelako egiten, hau da, BJKNren kontra mintzatu ziren, hain zuzen.
Kritika horrek, ordea, haratago joan behar du. Epaileak ez ezik, alderdi politikoak eta politikariak ere hartu behar ditu. Lotsagarria baita kanpaina politiko garaia den honetan, zeinean demokrazia gure herritik at dagoen, gai honi ematen ari zaion trataera. Lau emakume erail behar izan dituzte eta beste biri sastakaia sartu, Raxoik mitin batean gai honen inguruko aipamenen bat sartzeko -Estatu espainoleko alderdi boteretsuenetako baten buruzagiaren lehentasunen adierazgarri nabarmena-, EAJren programan ez dago arazo honi buruzko inolako atal espezifikorik -Euskal Herrian modu iraunkorrean boterean dagoen alderdiaren helburuen nondik norakoa argi eta garbi-... Eta ni ezin ulertu geratzen naiz nola litekeen jendeak arazo sozial larri eta iraunkor honen aurrean halako utzikeria eta benetako ardura eta interes falta erakusten duten alderdiei euren botoa ematea.
Baina noski, ondoren, alderdi handiak -azkenean pastela elkarren artean banatuko dutenak- berdintasunaren izenean eta emakumearen desabantaila egoerari laguntzeko, sekulako proposamenak eta promesak egiten ikus ditzakegu, beti bezala kanpaina garaian. Berdintasunerako promesen ondoan, beste arlo batzuetarako beste batzuk. Demagogia hutsa: zehaztugabeak, zertan dautzan azaldu gabekoak. Hortaz, kanpaina politikoa hasi zenetik txoko honetara ekarri ez ditugun bezala, ez baikara gu izango propaganda eta jokoa egingo dietenak, gaur jarrera ez dela izan beharko lukeena soilik salatuko dugu.
Horren harira, gogoratu bertan daukagula Martxoak 8, hain zuzen politikarien eta erakundeen jarrera akuilatzeko parada, genero-indarkeriaren inguruan bereziki, baina baita beste arlo askotan ere. Tamalez, oraindik arrazoi asko ditugu kalera ateratzeko eta urtetik urtera mobilizazioetan parte-hartzea gehitu arren, politikarientzat «hausnarketa eguna» izango den horretan, herritarrok hausnarketa gutxiago eta egitate gehiago exijitzen dugula erakutsi behar diegu.