GARA > Idatzia > Kultura

kronika | kanon digitalari ez

Euskarri digitalen prezioa igotzearen kontra, kulturaren alde, eta borrokarako prest

Kanon digitalaren kontra gero eta ahots gehiago entzuten dira. atzo, bilbon, 30 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten SGAEk gran via kalean duen egoitzaren aurrean. ahotsez gain, oihuak eta turuten soinua ere izan ziren bertan, kanonaren kontra.

p057_f01_148x132.jpg

Marta MORALES

«Ez da diru kontua. Egileek kobratu behar dute, jakina, horren kontra ez gaude. Baina kanona ez da batere bidezkoa. Talde baten diskoa erosita ere, lan horren abesti bat zure sakelekoan jarri nahi baduzu, kanona ordaintzen jarraituko duzu. Horrela antolatu dute SGAEkoek». Hitz hauekin azaldu zuten beren haserrea elkarretaratzean parte hartu zutenek. Gehienek txirulak, turutak eta etxeko sukaldetik hartutako lapikoak zeuzkaten, baita «SGAE ladrones» edota «SGAE chorizos» zioten kartelak ere.

«pirateriaren kontra?»

Bertatik pasatzen zirenei kanon digitala «benetan zer den» azaltzen saiatu ziren. Horretarako, bi orriko komikia prestatu zuten. Koloretan. «Jende gehienak kanona pirateriaren kontra borrokatzeko gaitz erdia dela pentsatzen du. Hori entzun dute gehienetan. Baina ez da egia. Kanonak ez du pirateriaren kontra egiten. Ez du zigortzen», nabarmendu zuten.

Horren alde oso argudio sinplea erabiltzen dute. Estatu espainolean Internetetik musika, filmak eta bestelakoak jaisteko erabiltzen den programa, p2p, guztiz legala dela, hain zuzen ere. Hori frogatzeko, joan den urtean programak jaisteko deialdia egin zuten. Atzoko leku berean bildu ziren orduan. «Delitu Informatikoen arduradunak, SGAE bera, Ertzaintza edota Guardia Zibila jakinaren gainean zeuden baina, denbora dezente egon baginen ere, ez zen ezer gertatu. Zergatik? Bada, guztiz legala delako», agertu zuten Kanonari Ez plataformako kideek.

Gainera, Interneten aske diren Linux bezalako softwareak daudela gogorarazi zuten. Edo egileek beraiek Interneten eskegitzen dituzten abestiak, dohako publizitatea lortzeko edota kanonaren kontra ere badaudelako, adibidez. Hala ere, biltegiratzeko erabil daitekeen edozein euskarri digitalen prezioa igo nahi du kanon digitalak. Kasu guztietan aplikatuko dena. Eta beste arloetara zabaltzen ari den «kanona», besteak beste, liburuen arloan. «CEDROk kanona liburuetan jarri nahi izan du; liburutegi publikoetan liburu bat hartzeagatik hain zuzen. Onartu berri den Babes Intelektualeko Legean liburutegiak kanpo utzi dituzte eta ez dute lortu. Oraingoz», agertu zuten haien kezka bildutakoek.

«Askatasunari eraso»

Besteak beste, Hackmeeting, Metabolik eta Hacklab bilguneetatik etorritakoak ziren atzo elkarretatu ziren gehienak. Horien artean, baina, CNTko hainbat kide ere izan ziren. Izan ere, SGAEk demanda bat jarri dio CNTri alasbarricadas.org Interneteko atarian Madrilgo CNTko Arte Grafikoen Sindikatuak jarritako komunikatu batengatik. 9.000 euroko isuna eskatzen dio. «Askatasunaren kontrako erasoa da. Baina etorkizunari begira aurrekaria ezarri nahi du SGAEk», salatu zuten sindikatuko kideek.

Bilboko elkarrateratzeaz gain, Bartzelonan, Madrilen, Zaragozan eta Sevillan ere izan zen halakorik. Eta compartiresbueno.net web orritik informazioa zabaltzen jarraituko dute. «Modan dagoen talde baten musika jaisteko erabil dezakezu Internet, baina badaude askoz gauza garrantzitsuagoak bertan. Hainbat dokumental eta hainbat liburu eta informazio eskuratu ahal dugu orain Interneti esker. Baina etengabe oztopoak jartzen badituzte, kultura trukatze hori galdu egingo da», ohartarazi zuten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo