GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hiru gizon atxilotu dituzte bikotekideak jotzea egotzita

Herenegun Ertzaintzak 31 eta 37 urteko bi gizon atxilotu zituen Durangon eta Bilbon haien bikotekideei tratu txarrak emateagatik. Gainera, azkenengoak aurrekari penalak zituen sexu indarkeriarekin lotutako delituengatik. Era berean, atzo Gasteizko udaltzainek 31 urteko gizon bat atxilotu zuten iragan larunbatean eztabaida baten ostean emaztea jotzea leporatuta.

GARA |

Sexu indarkeriarekin lotutako salaketa kopuruak gora egiten du etengabe. Azkenengo bi egunetan polizia kideek hiru pertsona atxilotu dituzte Euskal Herrian bikotekideei tratu txarrak emateagatik. Lakuako Gobernuko Herrizaingo Sailak komunikabideei helarazitako ohar baten bidez jakinarazi zuenez, herenegun Ertzaintzak 31 eta 37 urteko bi gizon atxilotu zituen Durangon eta Bilbon sexu indarkeria egotzita, eta atzo berriz, Gasteizen Udaltzaingoak 31 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuen arrazoi berarengatik.

Igande goizaldean, ertzainak Bilboko Begoña auzoko etxebizitza batera hurbildu ziren, bizilagun batek bere etxebizitza blokean gizon eta emakume baten arteko eztabaida bortitza entzun zutela jakinarazteko polizia kideei deitu ostean.

Bertara iristean, emakumeak azaldu zien mutil laguna haserre bizian zela, eta lurretik arrastaka eraman ostean burua zoruaren kontra kolpatu ziola. Gainera, biktimak polizia kideei jakinarazi zien bikotekideak aurrekari penalak zituela sexu indarkeriarengatik eta alkoholismo arazoak zituela. Biktimak azaldu zuen, gizona mozkortu eta oso oldarkor jartzen dela.

Emakumearen testigantza entzunda, polizia kideek gizona atxilotu eta polizia etxera eraman zuten epailearen aurrean agertu bitartean.

Herenengun arratsaldean, berriz, polizia autonomikoak 31 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuen Durangon sexu indarkeriarekin lotutako delitua egotzita.

Lakuako Gobernuko Herrizaingo Sailaren informazioaren arabera, akusatuak bere bikotekide ohiari ukabilkada jo zion etxebizitzaren atarian. Dirudienez, emakumea gizonari etxe aldaketa egiten laguntzen ari zitzaiola, honek ukabilkada eman zion. Kolpearen eraginez, biktima lurrera erori zen eta kopetan zauria egin zuen. Zauriaren larritasuna ikusita, emakumea erietxera eraman behar izan zuten han zauria behar bezala sendatzeko.

Antza denez, erasoa ikusi zuten bizilagun batzuek gertatutakoaren berri eman zioten Ertzaintzari, eta polizia kideak berehala hurbildu ziren erasoa jazo zen lekura. Bertan, biktimaren eta lekukoen testigantza entzun ostean, gizona atxilotu eta polizia etxera eraman zuten emakumeari tratu txarrak ematea leporatuta.

Lagun batekin hitz egiteagatik

Era berean, atzo Gasteizen udaltzainek 31 urteko gizon bat atxilotu zuten emazteari tratu txarrak emateagatik. Dirudienez, akusatuak emakumea astindu egin zuen mutil lagunak lagun batekin telefonoz hitz egiten entzun zuenean, «oso jeloskor» jarri zelako. Arabako hiriburuko Udaltzaingoak komunikabideei igorritako ohar baten bidez jakinarazi zuenez, erasoa Aiztogile kalean gertatu zen iragan larunbatean.

Antza denez, 23 urteko emakumeak Nafarroako lagun baten telefono deia jaso zuen, eta harekin mintzatu ostean, lagunaren senargaiak hartu zuen telefonoa neska agurtu eta harekin mintzatzeko.

Emaztea mutil batekin telefonoz hizketan ari zela entzun zuenean, akusatua «oso jeloskor» jarri zen eta emakumea bortizki kolpatu zuen. Hori gertatu ostean, neskak polizia kideei azaldu zien senarra oso jeloskorra eta oldarkorra dela, eta beste hiru alditan tratu txarrak eman dizkiola.

Hala, udaltzainek gizona atxilotu zuten sexu indarkeriarekin lotutako delitua egotzita eta komisariara eraman zuten epailearen aurrean agertu bitartean.

etxe aldaketa

Herenegun Durangon atxilotutako 31 urteko gizonak bikotekide ohiari ukabilkada eman zion etxe atarian biktima etxe aldaketa egiten laguntzen ari zitzaionean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo