GARA > Idatzia > Musika

Kea, isunak, kiratsa, rocka zigarroa ezpainetan

Amerikarrek rocka sortu zutenetik kea rockarekin batera joan da. Gitarra-jotzaile andana ikusi dugu euren bakarrekoa egiten duten bitartean zigarroa ezpain ertzean, eskuekin ezin harturik, lainoa buruan, betileak erdi erreta. Desagertuko al da argazki hori? Isuna jarriko al diete rock izarrei Frantziako aretoetan tabakoa erretzeagatik? Isuna ordaindu ondoren beste bat piztuko balute, zer egingo liekete?

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Pubetan, Irlandan, erretzeko debekua indarrean jarri zenetik, usainak zer balore duen konturatu dira. Pubetan zigarroen keak beste usain guztiak estaltzen zituen. Antza, beti bota omen dira puzkar asko Irlandako tabernetan. Garagardoa edateak haize-mina eragiten du eta han garagardoa erruz edaten da. Ondorioz, puzkarren usaina ez zen nabari tabakoaren kearen kiratsa zela eta. Puzkarren usainari aurre egiteko aire-freskagarri mordoa erabiltzen hasi dira sudurra goxatzeko eta hesteetako ezinegona lasaitzeko. Etxera iritsi eta gure jantzietan zenbat nikotinadun ke kirastun daramagun ohartzen gara.

Cannesen Midemeko kontzertuetara joan eta ke aztarnarik ez dago. Aho zulora ez dizute kerik botatzen eta hotelera ailegatu ondoren txupak eta prakek norberaren usaina baino ez dutela konturatzean, Frantzian eta Irlandan gauzak nola aldatu diren hausnarketa egiten duzu. Euskal Herriko pilotalekuetara ere psikosia iritsi da. Puru edo tabako-erretzailea isunarekin zigortuko dute udaltzainek. Frantzian isuna 120 eurokoa da eta 1.500ekoa aretoko nagusientzat.

Amerikarrek rocka sortu zutenetik kea rockarekin batera joan da. Gitarra-jotzaile andana ikusi dugu euren bakarrekoa egiten duten bitartean zigarroa ezpain ertzean, eskuekin ezin harturik, lainoa buruan, betileak erdi erreta. Desagertuko al da argazki hori? Isuna jarriko al diete rock izarrei Frantziako aretoetan tabakoa erretzeagatik? Isuna ordaindu ondoren beste bat piztuko balute, zer egingo liekete? Auto gidariari puntuak kentzen dizkiote eta punturik gabe geratu ostean gidabaimena berriro atera behar da. Erretzaile «berrerorleari» ezpainak josiko al dizkiote? King Krinson taldeak Donostiako Trinin jo zuenean, Robert Fripp-ek agindu zuen inork ezin izango zuela erre estalperik gabeko kontzertu hartan. Estatuek bultzatutako tabako legeak jende asko derrigortuko du araua eta legea apurtzera. Baten batek desobedientzia zibila, botilatzarra eta zigarrotzarra egitea proposa dezake. Ausartuko ote dira Frantziako txapelgorriak rock-star system bati isuna jartzen? Agertokitik aterako al dute musikari erretzailea eta bertan behera geratuko al dira ekitaldiak tabakoaren legeari desobedientzia zibila egiteagatik? Sarrera ordaindu duenaren jarrera koherentea sutan jartzea litzateke, eta Frantzian auto asko kiskaltzen dituzte, eta agian beste ke mota bat izango dugu. Sua, sua! Tabakoa ezin dut jasan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo