Blues gitarra lagun, Gail «Mojo» Muldrow-ek sutan kiskaliko gaitu
Prince edo Sly & The Family Stone bezalako banda erraldoietan parte hartutako Gail «Mojo» Muldrow emakume amerikarrak Kafe Antzokiko oholtza zapalduko du aurrenekoz datorren asteazkenean. Kaliforniako blues gitarra-jotzaile trebea eta abeslari gordina dugu Gail Muldrow, iaz bi lan argitaratu zituena. Zuzeneko diskoa bata, «Peace of mind» izenekoa bestea. Euskal Herrira egingo duen lehenengo bisitaldian, sutan jarriko du Bilbo.
Anartz BILBAO | BILBO
San Frantziskon, Kalifornian, 1955ean jaiotako artista dugu Gail Mojo Muldrow. Blues musika soul eta funkarekin nahasten ohitua, Jimi Hendrix, Jimmy Page edo Albert Collins-ekin alderatu izan dute gitarra-jotzaile legez, eta Aretha Franklin, Etta James edo Janis Joplin-ekin abeslari legez. Gehiegikeriak alde batera utzita, ordea, zalantzarik ez dago gitarra-jotzaile trebea eta abeslari gordina dela.
Hiru hamarkada luze daramatza errepidean eta, besteak beste, Sly & The Family Stone, Chaka Kahn, The Jay Geils Band, Graham Central Station, Jerry Garcia Band eta Graham Central Station taldeekin jo izan du. Baita Prince izarrarekin ere. Alta, talde propioa gidatzen du egun.
Iaz, zuzeneko lan bat eta «Peace of mind» izeneko beste bat plazaratu zituen. Azken hau, San Frantzisko inguruan jotzen duen Frod Blues Band taldeko musikariekin: Patrick Ford, Dewayne Pate, Tiziano Galli, Tano Ro eta Andy Just.
Muldrow musikari familia baten baitan hezi zen, gurasoak musikari eta anaia zaharrena disko jartzaile baititu. Gail gazteak azken honen lanbidea baliatzen zuen puri-purian zeuden argitalpenak entzun, talde berriak ezagutu eta musikaz gozatzeko. Horrela hurbildu zen James Brown, Solomon Burke, Ray Charles, Otis Redding, Nancy Wilson eta beste hainbesterengana.
Izarren gitarra-jotzaile
Beste asko bezala, elizan hasi zen kantari, artean nerabea zela. Pianoa eta gitarra jotzen ikasi zuen eta, hamazazpi urte zituenean, gurasoen lagun zen Sly Stone izarraren bandan sartu zen, Gale lehengusina ezizenarekin. Talde horretako baxu-jotzaileak, Larry Graham-ek, sortu berri zuen Graham Central Station taldera gonbidatu zuen, eta 1977an «Now Do U Wanna Dance» grabatu zuen haiekin.
Beste hainbat taldetan aritu ondoren, Europako jaialdietan talde propioarekin parte hartzen hasi zen, funk, soul, blues eta rock klasikoak jotzen.
Egun berrogeita hamabi urte dituen emakumeak datorren astearteko zuzenekoa du Euskal Herrira egingo duen estreinako bisitaldia.
Data: Martxoak 12, asteazkena.
Lekua: Kafe Antzokia (Bilbo).
Ordua: 21.00etan.
Sarrera: 15/17 euro.
San Jeronimoko gitarra-jotzailea ospe handiko artistekin lan egindakoa dugu. Hamazazpi urte baino ez zituenean, Gail lehengusina ezizenarekin Sly & The Family Stone funk supertaldearen «I Get High On You» disko arrakastatsuan parte hartu zuen, 1979an.
Gerora, The Family with out Stone eta The Family Stone Experience berragerpenetan ere hartu du parte. Zortzi urtez jo zuen Johnny Otis-en bandan eta «R&B Dance Party» grabatu 1997an.
Milurteko berriarekin batera Quicksilver Messenger Serviceko kide batzuek sortu zuten Quicksilver Gold taldean parte hartu eta bi lan grabatu zituen haiekin. A. B.