GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Botere gosea dutenei txoiloa moztu eta geroa eraikiko dugu»

p018_f01.jpg

Ion Telleria | Gazte Independentisten Eleduna

Oihana LLORENTE |

Gazte independentistek argi dute herri gisa «planto» egiteko garaia iritsi dela, eta horregatik dei egin diote gazteriari abstentzioa eta boikotaren aldeko jarrera har dezan. Gainontzeko euskal alderdiak Madrilera «botere gosez» doazela salatu dute, eta gazteriak bizi duen egoeraren erantzule nagusi gisa aurkeztu dituzte. Haatik, geroa euren eskuetan hartzeko prestutasuna dutela aitortu digute eta etorkizun hori independentzia izanen dela gehitu dute.

«Zuekin etorkizunik ez!». Horixe da azkenaldian bolo-bolo erabilitako mezua. Baina zein oinarri du mezu horrek?

Oinarrian guk bi errealitate, bi Euskal Herri ezberdin daudela ikusten dugu. Bata, esaten digutena da; Zuzenbide Estatua deitzen diotena, demokrazia, eskubideen errespetua xede omen duena... Bigarren Euskal Herria ordea, guk geuk benetan bizi duguna da.

Azkeneko mobilizazioetan errealitate horiek ikusarazten ahalegindu ginen. Erraustegien afera, abortuaren gaia, Itoizko urtegiak sortutako kalapitak, euskara, etxebizitza lortzeko ezintasuna edota hezkuntzaren merkantilizazioa xede duen Bologna prozesua... Egoera horiek ezinezko egiten diote gazteriari bizitza duin bat garatzea. Baina hori guztia ezin da kasualitatea izan. Herri honentzat kaltegarri diren elementu guztiak ez dira esku zerutiar baten ondorio. Hori gezur hutsa da eta horregatik jo dugu guk, zergatietara. Errealitate horiek guztiak boterean daudenek egiten dituzten politiken ondorio zuzenak dira. Haiek garatutako politikek ezinezko egiten dute egun euskaraz ikastea, etxebizitza eskubidea bermatzea.... Finean, egunerokoan bizi ditugun eskubide urraketa horiek guztiak makropolitikan kokatzen diren eztabaidekin lotzen dira. Egoera argia da, hemen batzuk negozioa eta boterea lehenesten dute herriaren eskubideen eta herritarren bizitza duintasunaren gainetik. Gainera, horiek boterean dauden bitartean eta egitura egungoa den bitartean gazteriak ez du etorkizun duinik izango.

Baina hori horrela balitz, zer- nolako arrazoiak daude politika horien atzean?

Orain dela 30 urteko erabakia ikus dezakegu horren guztiaren atzean. Garai horretan hautu bat egin zuten hainbat alderdik; herriaren ordezkari izan ordez, Estatu egituraren baitako agente bilakatu eta guztiaren gainetik euren negozioa eta boterea lehentsiko zutela ebatzi zuten. Egun, Euskal Herriak bere buruaren jabe izateko aukera izango balu, gure ustez, EAJk eta NaBaik Estatu espainolarekiko duten zilbor-heste hori puskatuko genuke. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere, Euskal Herria 2020 bezalako fartsak ere hautsiko genituzke. Finean, Estatutuekiko morrontza horrekin bukatzeak Euskal Herria aukeraz beteriko eszenatoki berri bat ekarriko lioke.

Datorren Matxoaren 9an Estatu espainolean egingo diren hauteskundeei begira abstentzioa ren alde egin duzue. Zergatik?

Lehenik eta behin, atzera begira jarri eta nondik gatozen ikusi behar dugu. Ilusioz beteriko garai bat bizi izan genuen, gizartearen gehiengoak bat egin zuen orduan oinarri batzuekin, eta egun adostasun horrek badirauela deritzogu. Elementu horiek erabakitze eskubidea, lurraldetasuna eta gatazka konpontzeko metodologia dira.

Alta, negoziazio prozesua behin amaituta, adostasun horiek alboratu eta lasterketa bati ekin diote alderdiek, bakoitza bere posizioa finkatzen: PSOE, Estatu bateratzaile gisa agertzen da. EAJk eta NaBai-k aldiz, herri honen ordezkari papera hartzen dute, ondorenean tratu bat itxi ahal izateko perspektibarekin. Eta azkenik, ezker abertzalea dugu, euskal gizartearen gehiengoak bat egiten duen oinarri horien defentsan kokatzen dena eta hilabete hauetan inizitibari eutsi diona. Hori bai, iniziatiba hartzen duen bakoitzean kolpe errepresiboa jasotzen du. Errepresioak funtzio politiko argia du, batetik ideia politikoak zigortzen dituelako, eta bestetik politikan eragiteko errepresioa erabiltzen dutelako, finean ezker abertzalea deuseztatzeko.

Salbuespen egoera honen aurrean beraz, ezker abertzaleak stop esateko bitartekoak jartzen ditu mahai gainean. Lehena greba eta herri sektore zabal baten babesa jasotzen duena. Herriak erakutsitako jarreratik ordea, herri gisa Estatuen aurrean topea jarri eta gure bidea egiten hasteko nahia eta beharra dagoela ondorioztatzen dugu, eta hor kokatzen dugu abstentzioa. Hauteskunde hauek Espainiari Ez! eta Estatuen menpeko bidea ez dugula gehiago onartuko argi azaltzeko aukera dira, eta horregatik, abstentzioarekin, herri sektore guztiei Estatuen aurrean planto egiteko aukera eman nahi dio ezker abertzaleak.

Gazte ikuspegitik zehazki, nola egingo diozue abstentziorako deia euskal gazteriari?

Hitzak oso politak dira, baina egia iraultzailea da; eta egia horretan oinarriturik ikusarazi nahi diogu gazteriari zein den egoera, egunero bizi duguna. Hizkuntza zapalketa, etxebitza eskubidearen ukapena, desalojoak... ezer ez da berez gertatzen eta politika zehatz batzuen ondorioa da gure errealitatea. Hori da ikusarazi nahi duguna, horrela ikusten baita, alderdi bakoitza zer den eta zein interesei erantzuten dion. Bestetik, boikot jarrera da guk indartu nahi duguna. Hauteskunde hauek aukera paregabea eskaintzen digute Espainiari eta Konstituzio espainolari ezetz esateko, eta horregatik Martxoak 9ra bitarte gure eskuetan ditugun tresna guztiekin aurre egingo diegu hauteskundeei, herri honetan ongi etorriak ez direla ikusarazteko.

Zein balorazio egiten duzue EAJ eta NaBai-ren jarreraz?

Nahiz eta negoziazio prozesua amaitu, oinarrizko adostasuna egon badago, eta elementu horietatik abiatuta Euskal Estatuak zein tresna edo bitarteko behar dituen eztabaidagai nagusia izan behar zuenean, EAJ eta NaBaik euren interes partidistak lehenetsi dituzte. Botere kuota lortzeko tresna gisa ikusten dituzte hauteskundeak, eta ez herri honen mesederako bitarteko gisa eta horregatik, orain arte herri honentzat funtsezkoak diren elementuen gainean aritu ordez, bozak eskuratzeko propaganda hutsa egiten dute. Erabat lotsagarria da, herri honen alde egin beharko luketen horiek, herri honen etorkizunean ezinbestekoak diren gakoak baztertzea. Argigarria da oso, EAJren botere eta diru gosea. Lurralde bakoitzean egiten duen politikak argi uzten du herri honetan sinistu ez eta boterea dela bere sinismen bakarra. EAEn boterea duenez, marko hori indartzen du; Nafarroan ez duenez, NaBai-n sartu eta botere aldaketa da planteantzen duena, badakienean boterean bat edo beste egon erabaki guztiak Madrilen hartzen direla. Eta azkenik Ipar Euskal Herria dugu, bertan Euskal Herria Bai boteretik urrun dagoenez, eskuin frantsesarekin eta askotan eskuin muturretik oso gertu daudenekin batzen dira horiekin boterea gertuago izango dutelakoan.

Kritikaz haratago, zuek baduzue alternatibarik ezta?

Askotan badirudi guztiarekin haserre gaudela, eta egia da haserre egoteko arrazoi asko ditugula, baina horren aurrean alternatibak baditugu, eta egunero eraikitzen dira gure herrietan. Gainera, herri honen gehiengoari erantzuten dion proposamen bat badago eta hori Marko Demokratikoaren Proposamena da. Ezker abertzaleak egindakoa baina herri honen sentimendua jasotzen duena. Bertan, euskal herritarrok subjektu bat garela eta geure geroa erabakitzeko eskubidea dugula aitortzen da. Parametro demokratikoetan ukaezina da proposamena, eta praktikan jarriz gero aukerez beteriko eszenatoki bat zabalduko genuke gure herrian. Une horretan guk independentzia eta sozialismoaren proiektua jarriko genuke mahai gainean, hori baita herritar ororen eskubide guztiak bermatuko dituen proiektu politiko bakarra. Alternatiba beraz, Estatuen ukapena salatu, marko demokratikoaren proposamena mahai gainean jarri eta neurri berean gazteriari borrokarako esparruak eskainiz gure espazioak irabazten joatea da. Gazteriak bere etorkizunaren jabe izan nahi badu boterean dauden horiei txolloa moztu eta gure eskuetan hartu beharra dugu etorkizuna.

Azkenaldian iruzurren inguruan asko hitz egin da gurean, baina zeri erantzuten diote taktika horiek ?

Iruzurrei buruz asko hitz egiten ari gara, EAJk zein NaBaik gauzatu nahi dutenaz, bai eta Ipar Euskal Herriari begira Euskal Herria 2020 gisakoez. Baina iruzur horiek ere herri sektoreak egindako borrokaren araberakoak dira; gure presioa baretzera behartuta sentitzen dira, eta horregatik egiten dituzte. Utopikoak garela esaten duten horiei atzera begiratzeko gonbita egingo nieke. Utopiak errealitate bilakatu baititugu borrokaren bidez. Orain 30 urte pentsaezina zen herri honen gehiengoa erabakitze eskubidearen alde egongo zela, eta hara non orain espainolen manporrero handiena den Atutxak, polizia politikoa bihurtu zuen berak erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldi batean parte hartzen duen. Agerikoak dira herri honetan borrokak emandako fruituak.

Azkenik, Martxoaren 21etik 24ra baduzue hitzordu garrantzitsu bat Lezon.

Herrietan egiten diren borrokek erakusleiho handi bat behar dute eta hori da Topagunea. Urtean zehar egindako guztia egongo da ikusgai. Geure buruari egiten dion ekarpena ere handia da, egunerokotasunean aldarrikatzen duguna posible dela frogatzen baitiogu geure buruari, gure ametsa utopia ez dela eta horrek indarberritu egiten gaitu. Gazte topagunean milaka dira lau egunez independentzian bizi diren gazteak. Beraz topagunearekin, utopikotzat hartzen gaituzten horiei independentzia egingarria den proiektua bat dela esateaz gain, proiektu horren atzean belaunaldi oso bat dagoela frogatzen dugu. Kolektibo gisa sinistu eta funtzionatzen duena eta aurreko belaunaldiaren lekukoa hartuta, gure etorkizuna eraikitzeko prest dagoen kolektiboa. Finean, Lezon egingo dugun Topagunea etorkizunari begirako plataforma moduko bat da, independentzia eta Euskal Estatua eraikitze bidean berrindartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo