GARA > Idatzia > Gutunak

Maite Sanchez eta Joseba Iturria Askatasunako kideak

Giza eskubideetan oinarrituriko akordioa

Kolonbian egun bizi den egoeraren gainean hausnarketatxo bat egin eta honen harira hainbat etorkin eta iheslari kolonbiarrek deitu duten manifestaziora deitzea da gutun honen helburua.

Azken urteetan errepresiorik bortitzenaren ondorioz estatu faxistaren aurrean makurtu ez diren milaka eta milaka herritar hil dituzte Kolonbian, estatu terrorismoa muturreraino eramanez.

Uriberen estrategia kriminalak ez du etenik. Duela zenbait egun kolonbiar Armadak Ekuadorreko lurretara sartu, eta hainbat gerrilari hil zituen, tartean negoziazio politikoetan zuzenean parte hartzen aritu den Raul Reyes FARC erakundeko militantea. Giza eskubideetan oinarrituriko akordio baten aldeko mezua indartzen ari den honetan, terrorismoaren aldeko apostuarekin jarraitzea erabaki du beste behin Uribek, AEBen babesarekin. FARC erakundeak argi erakutsi du akordio baten aldeko jarrera eta, ondorioz, berak bahituak dituen pertsonak askatzeko borondatea.

Giza eskubideen gaineko akordio baten aldeko aldarria zabaltzea dagokigu aste honetan; horregatik deitu ditugu herritarrak gaur arratsaldeko 19.00etan Arriaga enparantzatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. Bide batez, Kolonbiako preso politikoei gure berotasuna bidali nahi diegu. Aurrera bolie!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo