GARA > Idatzia > Kultura

Artiumek emakumearengan jarriko du arreta egunotarako antolatu dituen ekimenetan

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna kultur esparruan ere ez da oharkabean pasako. Artium museoa da, besteak beste, horren lekuko: zinema ziklo bat eta kontzertu bikoitza antolatu ditu hitzorduaren bueltan. Zortzi emakume zuzendariren XXI. mendeko beste horrenbeste filme, eta Tulsa-ren eta Saioaren musika emanaldia eskainiko ditu.

p048_f01_203x108.jpg

GARA | GASTEIZ

Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu dituen jarduerak bihar bertan abiatuko dira Tulsa-ren eta Saioaren kontzertuarekin(21.30). Oso ibilbide ezberdina izan duten bi emakume hauek folk-rocka eta countrya egiten dute, nork bere erara.

Bada, Tulsa taldeko burua Electrobikinis taldean aritutako Miren Iza da. Punkaren amorrua alde batera utzi, eta Cecilia eta Jayhawks gogora ekartzen dituzten urradura emozionala eta soinu folkyak nahasten dituen musika egiten du egun. Azken diskoan, «Sólo me has rozado», oinarri erritmiko sendoa eta gitarra boteretsuak nabarmentzen dira, eta, batik bat, bere ahots propio hunkigarria.

Saioa, berriz, mini-album sendo batekin abiatu da musikaren munduan. Gitarra soil baten eta aho-soinuaren laguntzaz euskaraz eta ingelesez abestutako sei kantuk osatzen dute «Particular land». Folk gordina, beraz, laburra eta apaindura gutxikoa, erreferentzia klasikoak -Bob Dylan, Neil Young...- eta berriagoak -Anari, Elliot Smith...- .

Benguiguik ireki, Zbanic-ek itxi

Eta musikatik zinemara; Artiumek urtero, martxo inguruan, mundu osoko emakume zuzendariei eskaini ohi dien zikloa hilaren 12an, asteazkena, iritsiko da Gasteizera, Yamina Benguigui frantziar-argeliarraren filmarekin.

Aurtengo ziklorako zortzi zinta hautatu dira; hilaren 12a eta 30a bitartean eskainiko dira, Aste Santuan atsedenaldi bat eginda. Filmak XXI. mendean sortuak dira, eta munduko alde ba- teko eta besteko emakume zuzendari horiek bizitzaren hainbat alderdiri buruz duten ikuspegia agertzen dute. Bengui- guik, kasu, Estatu frantseseko e-torkinen arteko genero kontuak aztertu ohi ditu, eta «El domingo si Dios quiere» (2001) lanean herri hartara iritsi berri den emakume baten bizimodu aldaketaren gogortasuna islatu du.

Hilaren 14an, ostirala, Marta Arribas eta Ana Pérezen «El tren de la memoria» (2005) film espainolaren txanda izango da, 60ko hamarkadako emigrazioaren ingurukoa. Bestalde, familiaren, edertasunaren eta sexualitatearen inguruan finkatu ereduak xehe-xehe aztertuko ditu kolonbiar jatorriko Patricia Cardoso estatubatuarrak hilaren 15ean eskainiko den «Las mujeres de verdad tienen curvas» (2003) filmean. Hilaren 16an, larunbata, «Gilaneh» (2005) ikusi ahal izango da, semea gerrara bidali behar izan duen emakume nekazari iraniarraren istorioa. Irango emakume zinegile ospetsuena, Rakhshan Bani-Etemad da zuzendaria.

Aste Santuko etenaren ostean, hilaren 27an ekingo zaio zikloari «Red Road» (2006) lanarekin. Andrea Arnold-en lehen lan honen protagonista Glasgoweko udaleko zaintza-kameren bidez baizik ikusi ezin dituen pertsonekin obsesionatuta dagoen emakume bat da.

Eskoziatik Irlandara, hilaren 28an emango den komedia, «La memoria de los peces» (2003), Liz Gil zuzendariarena, nortasun sexualaren eta bere muga zenbaitetan lausoen ingurukoa. Doris Dörrie alemana da 29an emango den «Sabiduría garantizada» (2002) lanaren zuzendaria: bi anaiek Japoniara bidaiatuko dute monasterio budista batean bakea aurkitu nahian.

Jasmila Zbanic-en «Grvabica»-k (2006) itxiko du zikloa hilaren 30ean. Jugoslavia ohiaren gerrako gordintasuna agertzen da, emakume alargun eta alaba nerabearen istorioetatik abiatuta. Film onenaren Urrezko Hartza irabazi zuen 2006ko Berlinalen.

ANIZTASUNA

Zinema ziklorako hautatu diren filmeen zuzendariek bizitzaren hainbat alderdiri buruz duten ikuspegi propioa eskaintzen dute beren lanetan. Etorkinak, sexua, politika... bada, gai anitzek dute lekua 1,5 euroren trukean ikusgai izango diren pelikuletan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo