Binakako Txapelketa
«Morboa ematen duena finalerdietan gaudela da»
Aimar Olaizolak eta Sebastien Gonzalezek ez zuten zauri zaharrik berritu nahi izan larunbateko partida erabakigarriaren atarian. Irabazlea finalera joango da.
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Iazko Buruz Buruko txapelketako finalerdien bezperan Sebastien Gonzalezen adierazpenek sortutako polemika oraindik gogoan, -Aimar Olaizolaren aurkako partidaren atarian, azkaindarrak nafarra, pertsona gisa, ez duela gogoko esan zuen-, larunbatean berriz elkarren aurka lehiatuko diren bi aurrelariei kazetariek galdetu zieten ea partidak «morboa» duen ala ez .
Ez batak ez besteak, ordea, ez zuten zauri zaharrik berritu nahi izan, eta liskarrak albo batera utzi zituzten. Hain zuzen ere, Atano III.ean egindako material aukeraketaren osteko prentsaurrekoa batera egin ez bazuten ere, Olaizolak eta Gonzalezek ia hitz berak erabili zituzten polemika saihesteko. «Beste partida bat da, eta punto. Morboa ematen duena finalerdietan gaudela da», adierazi zuen Goizuetakoak. «Gutxienekoa aitzinean Aimar edo Titin izatea da. Garrantzitsuena finalerdietan gaudela da», esan zuen lapurtarrak.
Era berean, larunbatean finalean egoteko lehen txartela banatuko dela galdetu zitzaien, lehen jardunaldian garaipena lortu baitzuten. Alde honetatik, Gonzalezen bikotekide Barriola oso zuhur agertu zen. «Igandean ondo jokatu ondoren jasotako laudorioak oso gustura hartzen ditugu, baina ezin dugu lorik hartu. Asko falta da finalera iristeko. Oso partida gogorra dugu larunbatean. Dena ematera irtengo gara», aurreratu zuen, eta orain arte partida guztiak irabazi izanak ez duela ezertarako balio aipatu zuen. «Partida bakar batean egoera alda daiteke», esan zuen, eta txapelketa hasi aurretik ez zeudela faboritoen artean berretsi zuen.
Leitzako atzelariari bere kidea erakusten ari den maila ikusgarriari buruz galdetu zioten, baita ere, ea joko bikain horrek ezustean harrapatu duen ala ez. «Sebastien izanda, ez nau harritzen. Pilotan aritzeko dohain onenetarikoak dituen pilotaria da gaur egun», erantsi zuen.
«Ez nago jo puntuan»
Asegarceko bikoteari dagokionez, Barriola goraipatu zuten bereziki. «Biak oso txapelketa ona egiten ari dira, baina nik uste dut Barriola dela diferentziak markatzen dituena», aitortu zuen Aimar Olaizolak.
Kritiken «jo puntuan» dagoela uste ote duen galdetu zioten Mendizabali. «Ez nago jo puntuan. Ordezko gisa etorri naiz, ez dut presiorik. Nire asmoa lasai jokatzea eta disfrutatzea da», erantzun zuen Añorgakoak.
Aukeratutako materialari dagokionez, Aspekoek 106,9, 105,7 eta 106,8 gramoko hiru Cipri hartu zituzten, ohi den moduan. Asegarcekoek, berriz, 105,6, 104,2 eta 104 gramoko hiru pilota. «Geureak frontisetik gehiago irtetzen dira», adierazi zuen Barriolak.
Ogeta
Arrieta-Sergio 27 / Eneko-Lacalle 40; Perez-Perez 22 / Gorka-Azkunaga 17.
Galarreta (16.00)
Etxeberria IV-Martinez I / Matxin IV-Zubizarreta; Ezkurra-Ion / Zeberio II-Iriarte; Bitoria-Lizaso / Altuna II-Urrutia; Iñigo-Urko / Juaristi-Olazar.
Deportivo (17.00)
Ayerbe / Larrinaga; Fusto-Beldarrain / Urkia-Lujan; Gaubeka-Velilla / Iriondo-Galan-Garma.
Zaramaga (18.30)
Axpe-Lopetegi / Albarado-Arkotxa; Elejalde-Apezetxea / Gorka-Javi Gomez; Ortolatxipi-Garcia / Gereta-Legarreta.
Mallabia (21.30)
Andreu-Senperena / Iraola-Mitxelena; Lazkoz-Larrinaga / Jauregi-Diaz de Unzurrun.
Sebastien Gonzalezek eta Abel Barriolak txapelketa honetan jokatu dituzten bederatzi partidak irabazi egin dituzte. Hauek ez dute galtzea zer den ezagutzen.
Bolada on horren sekretuaz galdetu, eta partidetatik kanpo asko hitz egiten dutela aitortu zuten bai batek, bai besteak. Era berean, lan asko egiten dutela erantsi zuten.