Egin behar zuena, ez herritarrek nahi zutena
Alfredo Pérez Rubalcabak, Barne ministro karguan negoziazio prozesua gidatu zezan PSOEk jarri zuen buruzagiak, alegia, ETA erakunde armatuarekiko negoziazioetan egin behar zuena egin zuela esan zuen atzo Donostian. Hauteskunde kanpaina baten amaieran gaudela alde batera utzita, eta gustu txarreko txantxatzat hartuta ministroak esan izana ezker abertzaleak, «inoiz baino ahulago eta sozialki bakartuago» dagoela-eta, ez dituela hautestontzietan «bere indarrak neurtu nahi», arrazoia du, esan nahi duena baldin bada negoziazio prozesuak huts egitea lortu zuela. Izan ere, aukera guztiak bilduko zituen konponbide politikoari ateak ixteko egin behar zuena egin zuen.
Bake eta normalizazio prozesu demokratiko baten aldeko apustuak euskal herritarren erabakia onartzea zekarren berekin eta, beraz, espainiar presidente José Luis Rodríguez Zapaterok agertutako itxurazko konpromisoaren konkrezioa. Prozesua ETAk politikaz jardun nahi izan zuenean hautsi zela, eta bakeak eta normalizazioak ez zutela kostu politikorik izango esatea orain, «terrorismoa garaitzea» aldarrikatzen dutenen erretorikaren parte baino ez da. «Garaipen» asmo hori, ordea, ahalik eta «kostu politiko» txikiena izango lukeen negoziazio bati begirakoa da, eta Rubalcabaren hitzak testuinguru horretan kokatu behar dira.
Egunotan Gaza eta Kolonbiako egoerak lehen albiste dira eskualde horietako gertaera dramatikoak direla-eta. Nazioarteko begirale ugarik konponbide politikoa ezinbestekotzat jotzen du gatazka horiei irtenbide egokia bilatzeko. Nazio Batuen Erakundeko eta Ameriketako Estatuen Erakundeko zenbait goi karguk ere konponbide politikoa eskatu berri dute bi gatazka horien kasuan. Gobernu espainiarrak berak negoziazio politikoa aldarrikatzen du urruneko gatazkak konpontzeko, hemengo konponbidea atzeratzen duen bitartean. Baina kasu horietan zentzuzkoa iruditzen zaiona, erretorikak erretorika, Euskal Herrian ere zentzuzkoa -eta herritarren eskakizuna- dela onartu beharko du.