GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herri borondatea errespetatzeko aukera zabaldu da Lesakan

Iazko hauteskundeak nahasiak izan ziren Lesakan, han ere, Euskal Herriko hainbat lekutan bezala, ez baitute herritarren borondatea errespetatu udal taldea osatzeko. EAE-ANV eta Onin taldeen arteko adostasunak askoren itxaropena piztu bazuen ere, berehala zapuztu zen. Orain berriz, Onin taldearen zinegotzi batek EAE-ANVk aldarrikatutako kargua utzi du.

Jasone MITXELTORENA

Lesakako Udalean joan den maiatzaz geroztik zinegotzi karguan ibili da Jose Mari Flores. Otsailaren 15ean kargua utzi behar zuela iragarri zuen. Horrela, herritarren bozek EAE-ANVri emandako zinegotzi karguetako bat libre geldituko da, eta, beraz, aukera berri bat zabaldu da Udalean herriaren borondatea errespeta dadin lehen urratsa emateko. Izan ere, herrian ez dago batere giro onik; hauteskundeak joan, eta honela gelditu ziren kontuak: EAJ 5, Onin Taldea 3, EAE-ANV 2 eta EA 1. Alderdien Legea aplikatuz, talde abertzalearen bi zinegotzi karguak Onin eta EA taldeek hartu zituzten. Hasiera batean, egoera moldatzeko asmoz, bilerak egin zituzten talde guztien artean. Onin izan zen EAE-ANVrekin adostasun batera ailegatzeko asmoa erakutsi zuen bakarra, eta honakoa hitzartu zuten hainbat bileraren ondotik: Ez zegokion zinegotziaren boza, ezker abertzaleak erabakitakoa izatea; hau da, Onin taldeko Jose Mari Floresek altxatuko zuen eskua, baina gizabidez bozaren jabe zenak errandakoaren arabera. Hori izan zen Onin taldeak proposatutakoa, eta ezker abertzaleak, bere aldarrikapena 182.2 lege artikulua betetzea izanik ere, onartzea erabaki zuen.

Herriaren borondatearen gainetik

Egoera horretan heldu zen alkate kargua hartzea. Egun berean hitzordua zuten Onin eta EAE-ANVk boza adosteko. Baina lehen taldeko ordezkariak ez ziren agertu, eta beraz, Udaletxean solastea erabaki zuten ezker abertzalekoek. Flores prest agertu bazen ere, gainerako taldekideek ez zuten utzi elkarrizketarako biderik. Horregatik, EAE-ANVri zegozkion bi bozak erabiliz erabaki zuten EAko zerrendaburua alkate izendatzea, nahiz eta boz gutxien zuen taldea izan. Horrela gertatu zen kargu-hartzea, istilu artean. Onin taldea independentea da, baina baditu loturak Aralar-ekin; Deñe Abuin taldeburuak Nafarroako Legebiltzarrerako zerrendan 16. postua bete zuen iaz, Aralar-ek izendatuta.

Iban Maia EAE-ANVko hautetsiak GARAri kontatu dionez, herrian ezaguna zen bi taldeen arteko ustezko adostasuna, eta kolpe gogorra izan zen harreman hura modu hartan bertan behera gelditzea, herritarren borondatea errespetatzeko aukerari atea ixtea.

Herriak ez omen zuen begi onez ikusi, eta geroztik, salaketa etengabea izan da; behin eta berriz aldarrikatu da hauteskundeetan erabakitakoa betetzeko beharra. Izan ere, udal taldeek Alderdien Legea gaitzetsi arren, betetzea erabaki, eta praktikan ezker abertzalea baztertzen dute, helarazitako ekarpenak ez dituzte kontuan hartzen. Maiak kontatzen duenez, anitz izan dira ekarpen horiek, ahalmena murriztua eduki arren, Udaletxean parte hartzeko borondatea eta konpromisoa bete baitituzte. Ordainetan, Udaleko erabakietatik baztertu omen dituzte, eta beren proposamenak ez dituzte aintzat hartu. Hori gertatu omen da Flores zinegotziaren dimisioarekin ere. EAE-ANV kanpo utzi eta astebetera eman zen ezagutzera, modu ofizialean. Zergatiez galdetu arren, ez zuten inolako erantzunik jaso. Beraz, 182.2 artikulua betetzeko asmorik dagoen ala ez ere ez dakite.

Flores zinegotzi ohiak GARAri azaldu dionez, arrazoi pertsonalengatik utzi du kargua. Denbora asko kentzen ziola-eta, Udala uztea erabaki du. Dena dela ere, presioa ere aipatu du: Alderdien Legearen kontra dago eta Lesakako taldeek elkar ulertzeko adostasun batera heltzea beharrezko ikusten du, herriko sektoreen artean bereizketa eta ezin konponduak sortuz, Madriletik irriz ari direla susmatzen baitu. Adostasuna lortzekotan ibili zirela azaldu du, baina alkate kargua hartzeko egunean bilerak amaitu gabe zirela-eta, bertan behera geratu omen zen saiakera hori. EAri boza ematea ez omen zitzaien gustatu EAE-ANVkoei, eta harremana hautsi egin zen. 182.2-ren aplikazioari buruz, talde politikoa ez direla, eta beraz, beraientzat zaila dela da dio. Hala ere, ez dago kontent gauzak nola gertatu diren ikusita, eta ez omen zegoen eroso Alderdien Legea dela-eta lortutako kargua betez. Kargu horrekin gertatuko denari buruz berak ez omen du berririk une honetan.

«Arduraz jokatzea eskatzen diogu Onin taldeari»

Lesakako ezker abertzalearen ustez Flores zinegotziak kargua utzi izana aukera paregabea da herriak bizi duen egoera moldatzeko. Horregatik, Onin taldeari «arduraz jokatzea» eskatzen diote, beren hitzetan: «lesakarren elkarbizitzaren alde egiteko, herritarren borondatea errespetatzea beharrezkoa baita». Hauteskundeez geroztik ekimen ugari egin dira, eta hagitz nabaria izan da salaketa: Herriak bidegabekeria kritikatzen du, «Udaletxean gertatutakoa `zerrikeria' dela, alkatea bi zinegotzi lapurtuz izendatu dutela... herriak justizia egiteko nahia adierazi du». Bestalde, herriaren sentimenduak pisu handia duela eta presio horrekin karguari eustea zaila dela adierazi dute. Hala ere, Floresen erabakiak «duintasuna eta ausardia» erakusten dituela nabarmendu dute. Horren haritik, Floresen bideak «beste batzuei begiak irekitzeko» balio izango duela pentsatzen dute. J.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo