GARA > Idatzia > Kultura

Bi Harriz Lau Xori jaialdiak euskal kultura gaztea hurbilduko du Biarritzera

Datozen 19tik 22ra bitartean hainbat antzerki, zirku eta dantza talde gazte bilduko dira Biarritzen euskal kulturaren alde egin duten apustua ikustera emateko. Jaialdiaren helburua folkloretik ihes egitea eta gaztetasuna duten hainbat ekimen ezagutaraztea da; Le Petit Theatre de Pain, Kilikolo Zirkoa eta Elirale, esate baterako. Jaialdiari amaiera emango dion kontzertuak Ruper Ordorika eta Beverly Jo Scott amerikarra bilduko ditu eszenatoki berean.

p064_f01-97x152.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Euskal kultura ez dago bere ikuspegi folklorikora murriztua. Ideia honekin jaio zen Bi Harriz Lau Xori jaialdia, eta dagoeneko hamalau urte daramatza talde gazte eta berritzaileen lanak aurkezten Biarritzen. Aurten, martxoaren 19tik 22ra bitartean egingo da Euskal Kultur Erakundearen kolaborazioa duen ekimen hau.

Lehenik eta behin, Le Petit Theatre de Pain antzerki taldeak irekiko du programa. Euskaraz diharduten antzezle hauek hiru idazle garaikideren beste hainbeste bakarrizketa aurkeztuko dituzte, euren antzerki herrikoia erakutsiz. Lehenengo antzezlana «Tartean» izango da, Michel Azamak idatzitako «SAS» testuaren itzulpena. Ikuskizunean, morroi bati bere kartzelako azkeneneko gauean burutik pasatu zaizkion nondik norakoen berri emango dute. Hau dena asteazkenean, 20.30ean, ikusi ahal izango da Les Decouvertes aretoan.

Dario Fo-ren hiru bakarrizketarekin, «Juglaera, Puta eta Eroa» lana prestatu dute eta Le Coliseen erakutsiko dute martxoaren 20an, 19.30ean. Taldeko kideek azaldu dutenaren arabera, antzezlanaren zati bakoitza euskalki ezberdin batean egingo da, idazle italiarrak herrialde hartako «dialekto» desberdinetan egiten baititu bere antzerkiak. Atal bakoitzean agertzen diren pertsonaien nortasunen arabera euskalki bat ala beste erabiltzea erabaki dute, «hau euskalduna balitz, nongoa litzateke?» galderari erantzuna emanez.

Le Petit Theatre de Pain taldearen azkeneko antzezlana Joseba Sarrionandiaren hainbat testutan oinarrituta dago eta «Aulki Hutsa» ikuskizunean erbestetik itzuli ezin duen gizon batek bere itzulera amestu du. Taldekoek azaldu duten bezala, antzerki hau «ostatu, gaztetxe, edo barra duen edozein gunetan eman daiteke». Hortaz, Biarrizko gaztetxea aukeratu dute martxoaren 20an, 22.ooetan, lana aurkezteko.

Kilikolo zirkua

Zirku talde hau oraingo honetan kabareten munduan murgilduko da. Kilikolokoak istorioak azaltzeko duten estilo barregarri eta zentzu gabekoaz baliatu dira hainbat kabaret desberdinen giroa antzezteko. Jaialdiaren antolatzaileen aburuz, «kalitatezko lana» egin du taldeak, oso era irrigarrian lan egin arren. Martxoaren 22an, larunbatean, ikusi ahal izango da antzezlan hau Colisee aretoan.

Biarrizko ikasleentzat saio berezi bat gorde dute jaialdian, soilik ikastoletatik joandako ikus-entzuleen aurrean antzeztuko dena. Amaia Hennebutte-ren «Lodikroko» lanetik ateratako hamabi abestiren bidez, umeak hitzen plazerraz eta poesiaren mugimenduaz jabetuko dira. Arduradunek esan dutenez, «ikuskizuna eta liburua» ezagutarazi nahi dizkiete haurrei aukera honekin.

Piarres Larzabal idazlearen inguruko hitzaldi batekin osatu dute, azkenik, Bi Harriz Lau Txori jaialdiaren programa. XX. mendearen bigarren zatiko euskal antzerkiaren historian urrezko letretan oroituko den idazlearen lana larunbatean aztertuko dute Mediatekan. Larzabal idazle emankorra izan zen, ehun testutik gorako obra bildu eta genero asko jorratu baitzituen. Hitzaldian, aukeratutako idazlearen bizitzaz eta lanaz aritzeko arduraduna Daniel Landart izango da, antzerki idazlea eta Larzabal pertsonalki ezagutu zuena. Mintzaldia aukeratutako hainbat testuren irakurketarekin hornituko dute; horretarako, Terexa Lekunberri, Peio Berhocoirigoin eta Pantxoa Etchegoinen ahotsez baliatuko dira.

MOLDAKETAK

Le Petit Theatre du Pain antzerki talde gazteak hiru ikuskizun eskainiko ditu jaialdian: «Tartean», «Juglaera Puta eta Eroa» eta «Aulki Hutsa», Michel Azama, Dario Fo eta Joseba Sarrionandiaren testuak moldatuz eginak, hurrenez hurren.

Fitxa

Data: Astezkena 19tik larunbata 22ra.

Non: Biarritzen, Decouvertes aretoa («Tartean»), Le Colisee («Juglaera, Puta eta Eroa» eta «K-Barre»), Gaztetxea («Aulki hutsa»), Mediateka («Piarres Larzabal; bizitza eta obra») eta Gare du Midi (Ruper Ordorika eta Beverly Jo Scotten kontzertua).

Sarrerak: Orokorra 15 euro; murriztua 10 euro. Bi funtzio ikusteko (konzertua izan ezik), 20 euro.

Kontzertua: Orokorra 20 euro; murriztua, 18 euro.

Informazioa: <www.biarritzculture.com>.

Ordorika eta scott, antzeko bi ibilbide eszenatoki berean

Bi Harriz Lau Xori jaialdiak lau egunez luzatuko diren ikuskizunei amaiera emateko kontzertu bikoitza antolatu du, urruneko musikari bat euskaldun batekin elkartuz. Aurten, aski ezaguna dugun Ruper Ordorikarekin batera Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako Beverly Jo Scott gonbidatu dute. Jaialdiaren antolatzaileek esan dutenaren arabera, biek pareko ibilbidea jarraitu dute. Ordorikak Euskal Herritik alde egin zuen, itzultzean bere bizilagunen artean atzerriko eraginak erakusteko. Scottek, bere aldetik, oso gazte zenean alde egin zuen Alabamatik mundua zeharkatzeko asmoz. «Nahiz eta arrazoi desberdinengatik izan, biak munduan zehar ibilitakoak dira», azaldu dute antolakuntzakoek. Folk eta rockeko ezohiko bi liskarzaleren arteko topaketa bezala deskribatu duten kontzertua izango da martxoaren 21ean, ostirala, Gare du Midi aretoan ikusi eta jaialdia itxiko duena. I. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo