GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Misterioak

Astelehenean, hedabide gehienen bidez eta Ertzaintzak ETAren kontra egin zuen operazio garrantzitsuaren ondorioz, bi terrorista ezinago arriskugarri ezagutu genituen. Gaiztoak gero, argazkiak ikusi besterik ez zegoen. Ulergarria da hedabide horietan ETAren lehergailurik txikiena lehen albiste izatea. Ez horren ulergarria, ordea, giza kalterik eragin ez duen atentatuak Guardia Zibilaren eskuetatik Zaintza Intentsiboetako Unitatera eraman duten gazte ubelduraz betea baino albiste garrantzitsuagoa izatea, baina tira, frogarik ez badago... Eta guztiz ulergaitza da Auzitegi Nazional espainoleko epaile batek terrorista arriskugarrienetako bi aske uztea. Misterioa da, nonbait; eta, beraz, jokabiderik zentzudunena izango da kasua adituen eskuetan uztea. Gotzainen eskuetan, alegia. Gizaki hilkor arruntok ez genuke-eta ulertuko. Adituek, gainera, Elizaren benetako ildo espiritualaren ordezkaria hautatu dute beren batzarreko buru. Welcome, mister Rouco (inoiz joan al da...?).

Elizaren hierarkiaren jokaera ere misterioa da. Hau da, maitasunak laburbiltzen dituen balioen alde egin, eta haren praktika beste balio guztiz desberdin batzuek bideratzea: botereak, larderiak... Misterioa da maitasunaren erreinua aldarrikatzen dutenek mendeetan horrenbeste min eta ikara erein izana. Gure onerako, jakina; baina, misterioa denez, ezin ulertu, eta fedea behar dugu. Ez Jainkoarengan, kardinal eta gotzainengan baizik. Handia behar du, gero, fede horrek.

Misterioa da, hala berean, deabruaren irudikapena, dagoeneko nahikoa definitua baitago: emakumea, homosexuala, sinesgabea eta espainiar izateari uko egiten dion euskal herritarra (Ipar Euskal Herrian santujaleena ere arrisku bizian dago ezinbestean).

Astelehenean ere, 76ko sarraskiaren urteurrena baitzen, Gasteizen egin zituzten zenbait ekitaldiren berri jakin genuen. Poliziak Elizaren tenplu bat profanatu eta bertan zeudenen kontra tiroka hasteak ez zuen Elizaren gaitzespenik merezi izan orain dela hogeita hamabi urte. Are gutxiago bost langile hil eta ehunetik gora zauritzeak. Ondoko hogeita hamabi urteetan ere gotzainak lanpetuegi ibili dira beren ordezkariak hautatzen, nonbait, sarraski hartaz hitz egiteko. Misterioak, lagun hilkor arruntok ulertzeko gai ez garenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo