Josu Imanol Unanue Astoreka Gizarte ekintzailea
Nik ere ez zaituztet gura
Promesa larregi egon dira beraiengan sinesteko, garai bateko estatutu preziatuari ere kiratsa dario; eta, hau guztia gutxi balitz bezala, orain dena normaltzat hartuta, aurrera nahi dute egin, berriro Espainian guztiok gustura egoteko
Ezer esateko, Balza jauna? Zerbait, EiTBko solaskide maiteak? Zer, kazetari «profesionalak»? Benetan da lotsagarria bizi duguna, hemen oso merke ateratzen delako terrorista hitza erabiltzea edonoren aurka.
Azkeneko segadek eta gertaerek argi eta garbi uzten dute salbuespen egoeran gaudela, edozelan ahal gaituztela atxilotu eta terroristatzat hartu. Bai, jaun-andreak, hemen, Euskal herrian, erraz zigortzen gaituzte gure agintariek, baina errua ez da beraiena bakarrik, salbuespen egoera hau mantendu eta bermatzen dutenek ere badaukate berea.
Ez da urruneko diktaduren bila joan beharrik, ez gaitezen hasi aspaldiko Txile edo Argentinari buruzko dokumentuetan bilatzen hasi, hemen ere torturatua edo atxilotua izatea merkeegi ateratzen delako, zortearen kontua da.
Bitartean, eta ezer ez delakoan gertatzen, hauteskunde kanpainan murgilduta diraute hautagaiek eta alderdi legaletakoek, noizbehinka papertxoak banatzen, txandala jantzita paseoak ematen, ez dakit zenbat euro oparituko digutela esaten edo aldamenean marihuana landare bat jarrita «progre» itxura hartu nahian. Hau barregura! Gertatu den guztia isildu eta gero, gure botoa eskatzera doaz. Aukera bakarrak direlako.
Baina, dena den, gauzak ez doaz ondo, batzuei tokatu zaie berriro kartzelan jarraitzea ia beren bizi osoan, edo kolpeak jasotzea, eta beste batzuk antolatu eta defendatu ezinean gabiltza gure herri proiektuak. Akaso honexegatik pentsatzen dut ziegetan daudenen biziek asko balio dutela, beraien boto ustelak baino askoz gehiago. Gezurretan dabiltzalako berriro, herritarrak engainatu ezinean.
Urteak daramatzagu gure historia beste batzuen eskuetan utzirik, promesa larregi egon dira beraiengan sinesteko, garai bateko estatutu preziatuari ere kiratsa dario; eta, hau guztia gutxi balitz bezala, orain dena normaltzat hartuta, aurrera nahi dute egin, berriro Espainian guztiok gustura egoteko beraien modura, eta besteontzat, aldiz, legez kanpo uzteko legeak indarrean jarriz, dena ondo doala sinetsarazteko.
Hori guztia ziurtatzeko ez dute inolako zalantzarik Polizia erabiltzen, kanpoko aginduen esanetara, eta era horretan, mozorroa kendu arte, biolentzia bortitza areagotzen joan da. Inor ez da kezkatu behar, sistemaren morroi bihurtutako pertsonaz gaudelako berbetan.
Bitartean erkidegoko eskuin muturreko alderdiak galdetzen digu ea non bizi garen, Rubalcaba gerra mezuak zabaltzen ari da eta, bere iritziz, hauteskunde hauetan ezker abertzaleak bozka ez eskatzea bere ahuleziaren isla da; ez ote da izango beraiek utzi dutelako legez kanpo? Edota beste aukerarik ez dagoelako...?
Erabakita daukat euren jokoan ez erortzea, are gutxiago euretariko bat hautatzea. Independentista sentitzen naiz inoizkorik gehien eta, ez didatenez nire gustuko ideiak hautatzen utzi, abstentzioa izango da nire aukera. Baina galdera asko daukat beraientzat, adibidez: zeren beldur diren, eta aukerarik ematen ez badute, zer egin dezakegun independentistok. Eskuin muturreko alderdikideek erantzungo al didate? Baina, mesedez, orain arte erakutsitako biolentzia barik.