GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak

Ikusmin handia piztu duen desafioa jokatuko dute

Xala eta Waltari Sorhueeten eta Ezkurra II.aren aurka neurtuko dira gaur ilunabarrean, 20.00etan hasita, Donibane Garaziko Garat trinketean

p057_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ikaragarrizko ikusmina piztu du gaur ilunabarrean Donibane Garazin, Garat trinketean jokatuko den desafioak. Bertan, Xala eta Waltari, Sorhueten eta Ezkurra II.aren aurka neurtuko dira.

Norgehiagoka hau ikusmina pizteko modukoa da, eta zaleek ez dute hutsik egingo. Hasteko, berriro ere Waltari eta Ezkurra elkarren aurka arituko dira, Buruz Buruko finala jokatu, eta handik bi astera. Bestetik, kubatarra atzean ikusteko modua izango da, hori ez baita bere lekua. Azkenik, Xala berriro ere trinketean arituko da.

Horiek guztiak kontuan hartuz gero, ez da harritzekoa ikusmina handia izatea. Gainera, bertara ez doazenek, edo joaterik ez dutenek, 22.00etatik aitzinera, Euskal Telebistaren bidez ikusi ahal izango dute.

Zaleek badute berriro ere Ezkurra eta Waltari elkarren arteko lehian ikusteko gogoa. Hala ere, neurketa honek ez du orain dela bi asteko finalarekin zerikusirik izango. Hasteko, binaka arituko dira, eta horrek gauza asko aldatzen ditu. Bestetik, Waltari ez da aurrean arituko. Hori da bere lekua, baina gaur atzean arituko da. Bestetik, trinketea ere oso ezberdina da. Moderne oso azkarra da, eta hori kubatarraren jokorako oso aproposa da, baina Garatek ez du Baionakoaren antzik, eta hor gehiago kostatzen zaio. Galdu zuen azken partida ere, hantxe galdu zuen.

Ezkurrak ere badu gogoa partida hau jokatzeko. Finalean ez zen bera izan. Ongi hasi zen, baina gero ez zuen bere maila erakutsi. Azkeneko final horretako Paxkalek zerikusi gutxi du benetako Paxkalekin.

Aurrekoek ere zeresan handia izango dute. Xala berriro ere trinketean arituko da. Azken unean zalantza batzuk izan ditu eskuko arazo batzuk direla medio, baina Lekuinekoak gaur jokatuko du. Aspaldian ez da trinketean aritu, eta ikusi beharko da nola moldatzen den.

Aurrean ere ez du aurkari makala izango, izan ere Sorhuet oso maila onean dabil. Buruz Burukoan hirugarren izan da, eta binaka, gainera, maila are hobea izaten du.

Dirua, dirudienez, Sorhueten eta Ezkurraren alde aterako da. Trinketerako bikote oso indartsua osatzen dute, eta biak daude oso sasoiko. Bestetik, Xalaren lana ikusgai dago, eta Waltarik atzean jokatu izan duenean, ez du aurrean bezainbesteko emaitzarik eskuratu.

Norgehiagoka hau zuzenean ikusi nahi duenak, 12 euroren truke izango du sarrera erosteko modua. 18 urte baino gutxiago dituztenek, nortasun agiria erakutsi, eta sarrera ordaindu beharrik ez dute izango. Gaur egungo salneurriak ikusita, gustura egoteko modukoak dira, eta hori Garat trinketeko harmailek ere nabarituko dute.

bi asteren ondoren

Orain dela bi aste neurtu zituzten indarrak Waltarik eta Ezkurrak Buruz Buruko finalean. Gaur, berriro ere, elkarren aurka arituko dira, nahiz eta gaurkoa oso ezberdina izango den bientzat.

zalantza

Xalaren inguruan zalantza dezente daude. Hasteko, eskuan zenbait arazo izan ditu, eta bestetik, trinketean ez da aspaldian aritu. Beraz, ulertzekoa da, zaleek zalantzak izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo