Joxerra Garziak ahozkotasuna lantzeko eskuliburua idatzi du
Azkenaldion, ahozko komunikazio gaitasuna gainbehera doala behin baino gehiagotan ohartarazi dute hainbat adituk, noiz eta gaitasun hori garesti baino garestiago kotizatzen ari den une historiko batean. Alor horretan sumatzen duen «zulo izugarria tapatzera» dator, ahal den neurrian, behintzat, Joxerra Garziak atzo aurkeztu zuen «Jendaurrean hizlari».
Martin ANSO | DONOSTIA
«(Ahozko) komunikazio gaitasuna lantzeko eskuliburua» da Garziak, Alberdaniaren eskutik, plazaratu berri duen lanaren azpititulua. Izan ere, horixe da «Jendaurrean hizlari», eskuliburu mardul bat, ariketa, ereduzko testu, grafiko eta guzti.
Atzoko aurkezpen ekitaldian, Arantxa Iturbe, Anjel Lertxundi, Imanol Lazkano, Hasier Etxeberria eta beste hainbat lagun adi zituela, Joxerra Garziak aitortu zuen «Jendaurrean hizlari» ez dela liburu bat, «nire zati bat baizik». Urrian hasi zen idazten, baina 20 urte pasatu ditu prestatzen. Adierazi zuenaren arabera, orain arte idatzi dituen liburuak «plazerraren plazerrez» idatzi ditu; hau, berriz, «inperatibo kategoriko» bati jarraituz idatzi omen du, «norbaitek `hau idatzi egin behar duk' esango balit bezala».
Inperatiboarena argitu nahian, gogoratu zuen ahozko komunikazio gaitasuna gainbehera doala, noiz eta informazio gizartean. Alor horretan nabari diren gabeziei aurre egiteko tresnen eskaera «latza» da, HABEtik, IRALEtik eta, hain justu, «horretarakoxe» sortutako beste erakundeetatik. Hala ere, «eskaera horri Kike Amonarriz, Andoni Egaña eta ni bezalako beste txotxongilo pare bat erantzuten ari gara», esan zuen Garziak. Horregatik sentitu du «Jendaurrean hizlari» idazteko beharra, alor horretan sumatu duen «zulo izugarria» estali nahi izanez.
Zuloa gehienbat ahozko gaitasunean sumatzen da, baina gaia lantzen hasi bezain pronto konturatu zen ez dagoela diskurtso egokirik testu egokirik gabe. «Testua batzuetan paperean bilduta joango da, eta beste batzuetan, berriz, ahotsean bilduta, baina beti hor dago». Azken batean, ahozko eta idatzizko komunikazio gaitasunak bat eta bera dira. Horregatik, liburuaren azpitituluan, «ahozko» hitza parentesi artean dator, «Jendaurrean hizlari» komunikazio gaitasuna oro har lantzeko tresna onuragarria izan daitekeelako.
«Lantzeko tresna», testua landu egin behar delako. «Ez dago jendaurreko komunikazioa lantzerik aldez aurretik testua landu gabe -nabarmendu zuen Garziak-. Inprobisazioa bera lanketa artifizial horretan azken burua baino ez da, alegia, inprobisaziotik gutxien duena inprobisazioa da, eta hori frogatzeko bertsolarien jardunari erreparatzea aski da». Horren harira, atzo aurre-aurrean zuen Imanol Lazkanoren esaera bat hizpidera ekarri zuen Garziak: «Egurra bi aldiz neurtu eta behin ebaki behar da; behin bakarrik neurtu eta ebakitzen hasten bazara, azkenean bi aldiz ebaki beharko duzu, eta ez da komeni».
Hortaz, (ahozko) komunikazioan «ezer egiteko taxuz, aldez aurretik ez da gaiaz zer dakigun bakarrik kontuan izan behar, baizik eta nora goazen, nolako entzuleak izango ditugun eta entzule horiengan nolako eragina lortu nahi dugun, eta gainerako guztia horren arabera kalkulatu». Betiere begi-bistatik galdu gabe esaten duguna eta ahotsa bezain inportantea dela zer egiten dugun jendaurrean jartzen garenean. Bestela, hizlariak ahotsaren bidez mezu bat igor lezake eta gorputzaren bidez, berriz, beste bat. Hain justu, hori guztia kontuan izateko eta lantzeko, «Jendaurrean hizlari» eskuliburuak, testu nagusiaz gain, 63 ariketa, 41 bibliografia-arrasto, 88 ereduzko pieza eta 54 grafiko-taula eskaintzen ditu.
«Hitzaren plazerra», giltzarria
Bere lanari ekin baino lehen, komunikazio alor honetan auzo erdaretan dagoen liburu eskaintza aztertu du Garziak. Bi eredurekin egin du topo. Bata liburu «zoragarri baina teorikoegiena» da; bestea, berriz, «Cómo hablar en público» eta antzeko tituluak dituztenena, «anekdota hutsak», alegia. «Ez ninduen ez batak ez besteak asebetetzen eta horregatik saiatu naiz erdi paretik jotzen», esan zuen Garziak.
Komunikazioaren «sekretua» zein den galdetzeko aukerarik ez zuten izan atzo aurkezpen ekitaldira bildutakoek, liburuaren egilea bera erantzuten aurreratu zitzaielako. «Hitzaren plazerra» omen da giltzarria. «Plazerra da komunikazio bide bakarra», baina horretarako «plazerrez» aritu egin behar da.