GARA > Idatzia > Real Sociedad

Partida Albaceten

Aranburuk burua «hurrengo lehian» izateko eskatu du

Azpeitiarrak ez du oraindik Numantzia eta Sportingen kontrako partidetan pentsatzerik nahi. Bestalde, Victor penalti gehiago jaurtitzeko prest dago

p051_f01_199x136.jpg

GARA | DONOSTIA

Baikortasuna da nagusi Realaren inguruan. Txuri-urdinak igoerarako lehian murgilduta daude bete-betean. Horren aurrean, atzo, taldeko kapitain Mikel Aranburuk egoera leundu nahi izan zuen. Azpeitiarrak jakin badaki oraindik falta diren norgehiagoka guztiak oso garrantzitsuak izango direla eta Bigarren Mailak duen zailtasun nagusienetako bat denboraldiaren iraupen luzea izango dela.

Horren haritik, erdilariak adierazi zuen, Realaren inguru guztiak igandean Carlos Belmonten Albaceteren aurka jokatu behar duten partidan izan behar duela burua. Bere esanetan, «hurrengo norgehiagokan baino ez da pentsatu behar, eta ondorengoak, Numantzia eta Sportingen kontrako partidak, ondoren etorriko dira». Horrekin batera, «geure buruarengan konfiantza izatearekin eta dena eginda dagoela pentsatzearekin, ez da posible» gaineratu zuen.

Azpeitiarraren ustez gainera, falta diren 15 partida hauetan, taldeek gero eta «errakuntza tarte mugatuagoa» daukate.

Aranburu ez zen izan Zubietako prentsa aretotik pasatu zen jokalari bakarra. Berarekin batera, Victor Casadesus ere izan zen. Herrialde katalanetako aurrelariak une gozoa bizi du Realera ailegatu zenetik.

Igandean, Xeren aurka gola penaltiz erdietsi zuen. Baina, berak aitortu zuenez, Mallorcan-bere talde ohia- ez zuen penaltirik jaurtitzen beste espezialista batzuk bazeudelako. Donostian ere, jaurtitzaile aparta dago: Xabi Prieto. Hala ere, igandean eta donostiarrari baimena eskatuta, baleardarrak penaltia jaurti zuen. Izan ere, «aurrelari batentzat gola sartzea beti baita garrantzitsua, konfiantza handia ematen du».

Egoerak horrek zeresan ugari sortu du. Izan ere, Victorren kontratuaren arabera, mallorkarrak sartzen duen gol bakoitzeko eta ematen duen asistentzia bakoitzeko irabaziak ere handitu egiten dira. Baina, jokalariak ez zuen horretan sartu nahi izan, eta ez zuen baztertu penaltiak jaurtitzen jarraitzea. Hori bai, «Xabi Prieto jaurtitzaile nagusia dela jakinda. Ardura hori hartuko nuke partida erabat bideratuta egonez gero edo zelaian botatzeko beste inor prest ez balego», zehaztu zuen.

Taldearen egoeraren inguruan mintzatu zenean, Victorrek aitortu zuen, ekainean hirugarren postuan bukatzea «sinatuko lukeela».

Vaughan eta David Castedo

Bestalde, pubiseko arazoak direla-eta, baliteke Realak David Vaughan galestarrari fitxa federatiboa kentzea. Nahiz eta berak lesioak ez duela ebakuntza beharrik izango eta taldekideekin aritzeko aukera gertu ikusten duen, kluba Levanteko David Castedo fitxatzean pentsatzen dabil, galestarraren fitxa erabiliz. Castedo Levanten ari da eta ezker hegala indartuko luke.

eRREALA CuP

Talde txuri-urdinak astebururo kimuen mailako taldeentzako topaketa bat antolatu nahi du. Oraindik datak zehazteke dauden arren, Realaren hitzetan «hitzordu hau ez da lehiaketa izango, gure semeen arteko topaketa bat baizik».

«ZUBIAURRE AUZIA»

Asteazkenean publikatu zuenaren kontra, atzo Gipuzkoako hedabide batek espainiar Auzitegi Gorenak «Zubiaurre auzian» Fiskaltzari inolako informerik ez diola eskatu argitara eman zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo