Etsaiak-en disko berria, «Apurtu arte», inoiz baino astintzaileagoa
Etenaldi luze baten ostean, inoiz baino disko biziagoa atera du Etsaiak taldeak, bere sustraietara jotzen duena. Lan berri honetan, «Apurtu arte», abiadura handiko 14 kanta daude, gehienak euskaraz. Hardcore doinua nagusi, beraz, laster zuzenean entzun ahal izango duguna.
Marta MORALES | BILBO
Astinzalea eta zuzena. Horrela deskribatzen du Etsaiak-ek bere lan berria, «Apurtu arte», taldeak azken bost urteotan kaleratu duen bakarra. «Musikalki, gure sustraietara jo dugu argi eta garbi. Gure lehen diskoetako abiadura aurkitu dugu eta adarretatik ibili gabe, kanta guztiak enbor bera daukate: astintzea», nabarmendu zuten talde lekeitiarreko kideek, atzo Bilbon egin zuten aurkezpenean.
Azken urteetan bakoitzak bere kabuz musika egin ostean, elkarrekin berriz lan egiteko gogo handiak zeuzkatela aitortu zuten eta, horren emaitza da «Apurtu arte». Izan ere, titulua ere ez da halabeharrezkoa. «Apurtzera gatoz disko honekin. Kontzertu puntual eta potoloak jo ditugu azken bi urteetan eta horrek piztu digu bueltatzeko ilusioa. Disko astintzailea izango zela argi geneukan eta oso pozik gaude emaitzarekin», aipatu zuen Paulek (bateria eta koroak). Berarekin izan ziren taldeko gainontzeko kideak ere prentsaurrekoan: Auo (ahotsa), Toki (Ahotsa), Txus (gitarra), Artrofi (baxua), Txapel (gitarra eta koroak) eta Ñako (soinu teknikaria), hain zuzen ere.
«Kantu laburrak eta gordinak»
Guztira, 14 abesti daude disko berri honetan. Kantu laburrak, azkarrak eta gordinak. Denak euskaraz, hiru izan ezik. «Oraingoan argi geneukan denok, kantuek tenpo bizikoak eta tralleroak behar zutela izan eta sanpler, koro melodiko eta sofistikazioak alde batera utzi behar genituela. Oso disko astintzailea geratu da. Soinuaren aldetik, adibidez, orain arte Etsaiak taldeak zuen soinuarekin apurtu dugu: bateria altu samarra zegoen beti eta, oraingoan, gitarra da nabarmenagoa; eta baxua, behingoz, entzuten da gure lan batean», ziurtatu zuten.
Hardcore soinua nagusia bada ere, «Apurtu arte» punk, hardcore, thrash eta metal soinuen nahasketa da eta ezusteko batzuk ere baditu. »Ez douz Ahaztuko» diskoaren azken abestia, adibidez, Etsaiak-en kantarik zaharrenetariko bat da. Punk kanta da, bete-betean, 80ko hamarkadako kutsuarekin, eta Etsaiak taldeko lehenengo bultzatzaileetariko bat izan zen Jokini dago zuzenduta, baita «falta diren lagun guztiei ere», agertu zuten.
«Apurtu arte» Amorotoko Musikorta estudioan grabatuta dago, 2007ko abenduan. «Baga-biga musika ideiak» enpresak eta Etsaiak taldearen artean ekoiztu dute. Nahasketak Lamiña estudioan egin zituzten Natxo Libertyk eta Jose Lastrak urtarrilean eta kolaborazioen artean, Des-Kontrol taldeko Magu eta Odei, Nok taldeko Laiala eta Anarko-ko Podri lagunen ahotsak daude hainbat abestietan.
Diskoa kalean dagoela, kontzertuen unea dela argi daukate taldekoek. «Aurkezpenak antolatzeko orduetan, hegoaldeko lau herrietako hiriburuetan kontzertu bana emango dugu eta gero, Iparraldean ere, Saran, beste kontzertu bat egingo dugu», azaldu zuten. Gaztetxeetan ere joko dute, ohikoa denez. Izan ere, Etsaiak taldea Lekeitioko gaztetxean sortu zen 1987an.
Lehen kontzertua Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango da, etzi, Secret Army eta Des-kontrol taldeekin batera. Ekaina arte izango dituzten kontzertuen berri www.etsaiak.net webgunean lortu ahal da.
Disko honen azken abestiak, «Ez douz Ahaztuko» izenekoak, 80ko hamarkadako kutsua dauka eta «falta diren lagun guztiei» dago eskainita.