GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«MUSIC OF THE SPHERES» Diskoaren aurkezpena BILBON

«Musika edozein herritan da musika, hala Euskal Herrian nola Txinan»

p014_f01.jpg

Mike OLDFIELD | MUSIKARIA

Haritz RODRIGUEZ | BILBO

Bilboko hotel batean, Gorbea izena duen egongelan, izan dugu hitzordua, «Music of the spheres» izeneko azken lana Guggenheim museoan mundu osoari aurkeztu baino bi egun lehenago. Bertan hartu gaitu, lasai antzean, sofa batean eserita, Mike Oldfield musikariak. Ez omen ditu elkarrizketak askorik maite, edo hori da, bederen, jarri izan zaion fama. Aurrez aurre, ordea, pertsona lasai eta umila dirudi, gertukoa, handinahikeriarik gabea eta, akaso, apur bat lotsatia... Hogei minutu eskaini dizkigu antolakuntzak «Tubular Bells» mitikoaren egilea elkarrizketatzeko.

Zer sentipen eragin zizun hain urruneko herrialde bateko Orkestra Sinfonikoak zure azken lana zuzeneko kontzertu batekin aurkezteko eskaintza luzatu zizunean? Gertatu al zitzaizun lehenago horrelakorik?

Lehenengo aldia izan da. Baina urrundik deitu izanak ez du inolako garrantzirik. Musikak ez ditu mugak ezagutzen eta, beraz, gauza normala iruditzen zait. Musika musika da edozein herrialdetan, hala Euskal Herrian nola Txinan. Dena dela, niretzat oso pozgarria izan da eskaintza hau.

Entsegua egin zenuen astelehenean Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Miramonen duen egoitzan. Musikarien kalitatea frogatzeko aukera izango zenuen. Zer iritzi duzu? Eta ahots zurien inguruan?

Kalitate handiko orkestra iruditu zitzaidan eta, gainera, ondo pasatzeko aukera ere izan genuen. Perkusio jotzailea, halako batean, rock bateria bat bailitzan hasi zen jotzen, eta algara batzuk eragin zituen han geundenon artean. Ahotsik, hala ere, ez zen izan entsegu horretan. Oso atmosfera atsegina izan zen, eta konektatu genuen.

Zurekin batera disko bat grabatzeko moduko orkestra dela uste al duzu?

Bai! Jakina! Dudarik gabe, diskoa grabatzeko moduko kalitatea eskaintzen dute.

«Tubular Bells» diskoak dagoeneko igaro ditu 25. eta 30. urteurrenak. Aurten 35.a izango da. Izan duen arrakastaz nazkatuta zaude dagoeneko, edo asko zor diozu lan honi?

Ez, ez. Arrakastaz ez naiz nazkatu. Disko hori oso esanguratsua da niretzat eta arrakasta, izan dadila ongi etorria...

Kritika batzuen arabera, zure musikak elementu komun gehiegi ditu. Baina zuk zeuk esan izan duzu «musikari errepikakorra» zarela. Akaso ahaztu egiten dute aspalditik dela zure estiloaren ezaugarria?

Jendeak esaten duenari kasu egin izan banio, beharbada ez nuke izan dudan ibilbidea izango. Eta prentsaren kritikei dagokienez, esan behar dut orokorrean kritika horiek «prentsa horiak» egin izan dituela. Ez zait Erresuma Batuko prentsa jakin hori batere interesatzen. Bertan, «itxura oneko» musikariak agertu ohi dira. Ipurdia kamera aurrean mugitu bai, baina musikarekin zerikusi gutxi dutenak.

Itxuraren diktadura?

Horixe, hain zuzen ere. Itxuraren diktaduran bizi gara.

Universal etxeak, antza, CD euskarrian ez ezik, «pendrive» edo antzeko formatu informatikoan ere argitaratu behar omen du «Music of the Spheres», zure azken lana. Zer iritzi duzu teknologia berriei eta Interneti buruz?

Halaxe da, bai. Eta, gainera, primerakoak iruditzen zaizkit teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak. Musika partekatzeko, elkarri zuzen-zuzen begiratuta igortzerik bagenu, askoz hobeto.

Burmuin bidezko «bluetooth» baten antzera?

Hori da, adimenaren bluetooth bat izango balitz legez.

Eta zer iruditzen zaizu Internet?

Maite ditut teknologia berriak! Eta zabalpenerako, bitarteko ezin hobea da Internet. Bestalde, musika egiterako orduan ere asko aldatu dira gauzak. Orain, ordenagailu baten aurrean eserita konposatzen du ia edonork. Oso gutxik egiten dute pentagrama baten gainean. Zentzu horretan ate asko ireki dizkigu teknologiak.

Bere garaian abangoardiakoak izan ziren taldeetan hasi zinen. Adibidez, Kevin Ayersekin batera egindako lana. Nola gogoratzen dituzu garai haiek?

Ayers eta biok oso gertuko pentsakerak genituen eta, beraz, musika egiterakoan ederki moldatzen ginen. Abangoardiako musika egiteagatik, bestalde, kritika asko entzun behar izan ditugu. Adibidez, musika klasikoa jotzeko asko ikasi behar dela esaten duenik badago. Eta, antza, nik egin izan ditudan estilo nahasketak ez zitzaizkien gustatu ortodoxo samarrak zirenei. Horiengatik balitz, agian ez genuen ezertxo ere egingo. Baina musika egiteko, barruan zerbait berezia daukazula jaio behar zarela uste dut. Nik ez dakit beste ezer egiten. Trebetasun horrekin jaio, eta ondoren garatu egin behar dela esango nuke. Musika egitea erraza da niretzako. Ordenagailu aurrean paratu, eta gauzak atera egiten zaizkit.

Zer iritzi duzu Virgin etxeko jabe ohi Richard Bransonen inguruan? Berak eskaini zizun «Tubular Bells» grabatzeko aukera, nahiz eta lana askorik ez erraztu. Grabatzeko ordu eta diru gutxi... Nola ikusten zenuen orduan, eta nola ikusten duzu gaur? Lagunak al zarete?

Disko hori ez zuen inork ekoitzi nahi. Eta Branson izan zen apustua egin zuen bakarra, argi eta garbi. Oso tipo berezia da, uzta biltzeko makina bat bezalakoa. Doan tokira doala ere, aurretik eramaten du guztia. Karisma handiko gizona izateaz gain, usaimen berezia duela ere esango nuke. Ez agian hainbeste musikarako usaimena, negozioetarako baizik. Berak hasieratik ikusi zuen argi lan hark arrakasta izan zezakeela eta berak ikusarazi zien hori diskoetxeko arduradunei. Gaur egun lagunak izaten jarraitzen dugu.

Virgin etxeak asko zor dizu, ezta? Eta, akaso, Bransonek ere bai. Beraiek zuri baino gehiago eman al diezu zuk beraiei?

Aukera eman zidaten nire lana kaleratu ahal izateko. Eta, seguru asko, beste inork ez zidan aukera hori emango. Esango nuke, beraz, gehiago zor diedala nik haiei; edo, behintzat, asko zor diedala. Asko dut eskertzekoa.

Hasieran Pentagle taldeko John Renbour bezalako jendea miresten zenuen, eta lehenengo diskoa zure arreba Sallyrekin grabatu zenuen. Folk hutsa. Helduko zenioke berriz ere folk musikari, edo oso agerikoa izango litzateke zuretzako?

Ez dakit berriz helduko niokeen. Baina, folk musika, gaur egun ere, izaera handiko musika iruditzen zait. Batez ere folk zelta. Beste estiloekin alderatuta, musika oso herrikoia iruditzen zait. Jendea bere inguruan biltzeko boterea duena.

Sally Oldfieldek musika egiten jarraitzen al du? Eta zure anaia Terryk? Uste dut, egun, telebistarako eta iragarkietarako musika sortzen diharduela...

Sallyk hipnoterapia saioak eskaintzen ditu egun, eta ez dut uste hein horretan musikarekin lotura handirik duenik. Terry, aldiz, soinu banda originalak idazten ari da.

Iaz aita izan zinela uste dut. Jaiotza honek eragin al du aurkeztekotan zaren diskoaren argitasuna?

Halaxe da, bai, iaz seme bat izan nuen. Baina, argitsua iruditu al zaizu diskoa? Nire ustetan, nahiko musika iluna da.

Zein da orkestra sinfoniko baten eta pop musikaren arteko fusioari dagokionez, gogoan duzun lehenengo esperientzia? Deep Purpleren orkestrarako kontzertua agian?

Ez, ez zitzaidan lan hori bat ere gustatu. Alderantziz, gorrotatzera ere iritsi nintzen... Berez, esango dizut musika entzutea ere ez zaidala askorik gustatzen. Azkenaldian gehien gustatu zaidan taldea zein den esaten ere ez nuke jakingo. Niri, batez ere, musika egitea gustatzen zait beste ezeren gainetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo