Osakidetzako greban parte-hartze txikiagoa, baina normaltasunetik urrun
Oso balioespen desberdina egin zuten atzo Osakidetzako grebara deitu zuten sindikatuek, alde batetik, eta Zuzendaritzak, bestetik, bertan parte hartu zuten langileen kopuruari dagokionez. Sindikatuak pozik agertu ziren langileen erantzunarekin, eta Osakidetzako Zuzendaritzak «normaltasun osoz» aritu zirela esan zuen.
Lanuztean aurrekoetan baino langile gutxiagok parte hartu zuen, espero izatekoa zenez, eta hala onartu zuten sindikatuek beraiek ere; nolanahi ere, kopuruak alde batera utzita, ezin da esan Osakidetzan «normaltasuna» dagoenik. Atzoko grebara sindikatu gutxiagok deitu zuten, baina oraindik ez dago akordiorik eta, beraz, normaltasunik ere ez. Sindikatuen artean desadostasunak egoteak eragina du mobilizazioetan, noski, eta horixe da Zuzendaritzaren lorpena; baina ez du lortu ordezkaritza sindikalaren gehiengoak akordiorik sinatzea. Normaltasuna, beraz, negoziazioari seriotasunez helduta, eta unean uneko egoera politikoa nahastu gabe, adostu behar duten akordioaren ondorio izango da. Eta langileek ez ezik, herritarrek ere -zerbitzu hori funtsezkotzat duten heinean- normaltasuna behar dute.