Alpinismoa Heriotza
Bi astez desagertuta egon ostean, Iñaki Cabo alpinista gasteiztarra hilda azaldu da
Huesca Chistau ibarrean Fuenfría ur-jauziaren barrenean aurkitu zuten atzo
Arnaitz GORRITI | BILBO
Mendiak lantzean behin albiste tristeak dakartza. Pare bat astez desagertuta egon ostean, atzo goizean hilda azaldu zen Iñaki Cabo alpinista eta idazle gasteiztarra. Huescan, Chistauko ibarrean dagoen Fuenfría ur-jauziaren barrenean azaldu zen 38 urteko mendizale arabarraren gorpua. Edizio honen amaieran ez zen artean heriotzaren zergatirik eman jakitera.
Guardia Zibilaren erreskate taldeak asteon jarri ziren martxan Caboren faltaren berri jakin ostean. Gasteiztarraren arrastoa otsailaren amaiera aldera galdu zen. Sasoi hartan Nacho Cifuentes, Israel Blanco alpinista eta Jon Izeta argazkilariarekin batera Austriako Kandersteg eta Italiako Val di Cogne eskualdeetan ibili zen Cabo.
Antza denez, izotzetako eskaladan eta eskalada mistoko Euskal Herriko eta Estatu espainoleko adituenetakoa izanik, Italia aldean egotaldia egun batzuk gehiago luzatzeko asmoa omen zuen, han 6 graduko zenbait eskalada egiteko. Bere lagunek Caboren arrastoa hilaren 22an galdu zuten. Arabarrari buruzko hurrengo berriak, azkenak, otsailaren 25ean jakin ziren, Huescako Chistauko ibarreko bizilagun batek gasteiztarraren furgoneta ikusi zuenean.
Alpinista arabarra Huescako ibarrean zebilela jakin ondoren Guardia Zibilak mendian erreskateak egiteko duen GREIM taldea martxan jarri zuen aste honen hasieran, eta atzo goizean, berak oso ongi ezagutzen zuen Fuenfría ur-jauziaren barrenean, -ur-jauzian hartan gora, 2006an `Graciela bidea' ireki zuen Chiro Sánchez eta Javi Buenorekin batera- bere gorpua aurkitu zuten.
Alpeak, Yosemite, Kirgizistan...
Izotzetan eta eskalada mistoan estatuko aditu handienetakoa zen Iñaki Cabo. «Al Filo de lo Imposible» telesaioan kolaborazioak egin izan zituen. Horretaz gain, Alpeetan eta Patagonian izotz eskalada egina zuen, Yosemiteko `El Capitán' hormatzarra ere igo zuen.
Bere balentria nagusia, 2006an irekitako `Graciela bidea' izan zen, 140 metroko izotzezko horma. 2004an Simón Elíasek eta Cabok berak, harkaitzean ezkutuan geratzen zen ur-jauzia aurkitu zuten, teknikoki oso zaila. Igoera harkaitzean hasten da, eta diagonalean abiatzen da Fuenfría ur-jauziarekin bat egin arte.
1999az geroztik, Aragoin bizi zen Cabo, Ainsa eta Bielsa artean, Sobarbeko bailaran. 2006an, Jon Izeta argazkilariarekin eta Roberto Serrano maketatzailearekin batera «Guía de escalada en hielo de los valles de Bielsa» argitaratu zuen, izotzetako eta mistoko 120 eskalada ibilbide biltzen zituen liburu horrek.
Nacho Cifuentes, Israel Blanco eta Jon Izetarekin batera Austria eta Italian ibili zen Iñaki Cabo otsaileko amaiera aldera. Arabarraren azken aztarna hilaren 25ean aurkitu zuten, bere furgoneta Chistauko ibarrean azaldu baitzen.
2006an, Chiro Sánchez eta Javi Buenorekin batera, Graciela bidea ireki zuen Cabok, 140 metroko igoera oso teknikoa, Fuenfría ur-jauziarekin bat egiten duena. Han aurkitu zuten atzo alpinista gasteiztarraren gorpua.