GARA > Idatzia > Mundua

Pervez Musharrafek ez dio Pakistango presidente izateari utziko

Pakistango oposizioko bi alderdi nagusiek Gobernua osatzeko eta Pervez Musharrafek kaleratu zituen epaileak berriro lanera itzul daitezen akordio bat lortu badute ere, Pakistango presidenteak bere karguari eusteko asmoa duela adierazi du.

GARA |

Atzo aholkulari juridikoekin bildu ondoren, Pakistango presidentetza uzteko asmorik ez duela adierazi zuen atzo Pervez Musharrafek, nahiz eta berak azaroan kaleratu zituen epaileak berriro lanean hasi, France Presse agentziari gertuko batek adierazi zionaren arabera.

Joan den igandean, oposizioko alderdietako bi buruak, Asif Ali Zardari -Benazir Bhutto zenaren alarguna- eta Nawaf Shartif koalizio-gobernu bat osatzeko akordio batera heldu ziren.

Otsailaren 18an izan ziren legegintzarako hauteskundeetan garaile atera ziren bi alderdietako buruzagiek Parlamentu berria 30 egun baino lehenago osatzea eta Musharrafek kaleraturiko epaileak berriro lanean jartzea adostu zuten.

Epaileen gaineko akordio horren ostean Musharrafek kargua uzteko asmoa zuen ala ez galdetu ziotenean, Tariq Azeem-ek, informazio ministro ohiak, dirudienez hori ez dela horrela izango erantzun zion France Presse agentziari.

«Oso zaila da zer gertatuko den jakitea», gaineratu zuen Azeem-ek, Musharrafen aldekoak biltzen dituen Pakistango Liga Islamiarreko (PML-Q) kideak.

«Ikusi beharko dena hauxe da: nola itzuliko diete kargua epaileen Parlamentuko erabaki bat erabiliz. ¿Gehiengo arrunta edo bi herenekoa erabiliko dute? Afera juridikoa da», nabarmendu zuen Azeem-ek.

«Presidenteak [Musharrafek] Auzitegi Gorenaren eta Parlamentuaren erabakiak errespetatuko dituela esan du beti. Desadostasunak badaude Justizia aterako da galtzaile», bota zuen.

2007ko azaroan larrialdi-egoera ezarri ondoren, 60 epaile bota zituen, gehienak Auzitegi Gorenekoak. Hauek erabaki beharko lukete Musharrafen agintaldiaren zilegitasunaren inguruan.

estrategia

Botereari eusteko estrategia aztertzeko konstituzionalismo arloko aditu juridiko talde batekin bilera egin zuen atzo Musharrafek Rawalpindi hirian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo