GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Euskal taldeak hasierako helburuen barruan dira

Ligako lehen itzulia amaitu ostean, Biarritz laugarren postuan da sailkapenean, hots, finalerdietako postuetan; Aviron, berriz, jaitsiera postuetatik kanpo dabil.

p056_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Amaitu da Top 14ko lehen itzulia, eta orain artekoari begiratuta, edo hobeto esanda, sailkapenari begiratuta, bi euskal taldeak hasierako helburuen barruan dabiltzala onartu beharra dago. Birritzen helburua aurreneko lauren artean amaitzea da, horrek finalerdiak jokatzeko txartela emango baitio, eta Avironena, berriz, jaitsiera postuetatik kanpo ibiltzea.

Horrek ez du esan nahi, inondik inora gauzak ongi doazenik, ez behintzat Biarritzentzat. Zuri-gorriek iaz kolpe handia jaso zuten finaletik kanpo geratuta, eta Europan, final-laurdenetatik pasatu ezinik geratu zirenean. Horretarako, taldea hobetu egin dute, jokalari onak ekarri dituzte, helburua: Liga eta Europako Kopa irabaztea edo, behinik behin, bietako bat. Oraingoz, ordea, Ligan bakarrik dute aukera, Heineken Kopako lehen fasea ezin izan baitute gainditu.

Liga irabazteko aukerak bere horretan dira, sailkapenean laugarren direnez, finalerdiak jokatzeko moduan lirateke Liga hor amaituko balitz. Zuri-gorrien inguruan, ordea, gero eta zalantza gehiago daude, joko maila eskasa ari baitira erakusten.

Liga hasiera oso txarra egin zuten. Puntuak erraz jasotzen zituzten, eta entseguak egiteko, berriz, arazoak ikaragarriak ziren. Gerora, atzeko lana sendotu egin dute, eta orain ez dituzte puntu asko hartzen, baina erasoan ere ez du minik egiten, eta partida ugari galdu ditu. Hori dela-eta, garbi dago bigarren itzulian jokoa hobetu beharko duela, izan ere, une honetan jende gutxik uste baitu Biarritzek Liga irabazteko modurik egingo duenik, ez behintzat, orain arte erakutsi duen jokoarekin.

Avironen Liga bestelakoa da. mailari eusteko borrokan abiatu zen, eta azkeneko jardunaldian Tolosaren aurka etxean galdu ostean, sailkapeneko erdialdetik atzera joan bada ere, jaitsierako bi postuetatik oso aparte dabil, puntuetan alde handia baitago.

Zuri-urdinek lehen itzuli honetan izan duten gabezia bakarra etxetik kanpoko partidak izan dira, izan ere, zuri-urdinen jokoa nabarmen jaisten baita Jean Dauguer zelaitik kanpo jokatzen duenean, eta agian hori da Ligako azken zati honetan hobetu beharko duten zerbait.

Zaleek beren taldearekiko duten jarrera ere nabarmendu beharrekoa da, 12.000 ikusletik gora joaten baitira Jean Daugurrera, eta 14.000 pasatxo sartzen dira. Beraz, Avironek, etxean denean, harmailak ia beteta izaten ditu; hori benetan pozgarria da errugbizaleentzat.

Lehen itzuli honetako derbia, berriz, Baionan jokatu zuten, eta Biarritzek ongi merezita irabazi zuen, partida handia egin ez bazuen ere, zuri-urdinak baino dezente hobeto aritu baitziren. Itzulerakoan ere zuri-gorriak aterako dira faborito.

Biarritz

Orain artean, Biarritzek uste baino askoz ere joko kaskarragoa erakutsi du nahiz eta laugarren egon. Zuri-gorriek baja asko izan dituzte, eta denak prest daudenean, maila hobetzekotan dira.

Kanpoan

Avironek lehen itzuli bikaina egin du, baina etxetik kanpo jokatu izan duenean, maila askoz kaskarragoa erakutsi du, beraz, oso puntu gutxi batu dituzte Jean Dauguerretik kanpo. Bigarren itzulian hori hobetzen saiatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo