GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Ana Arruarte eta Jon Ander Elorriaga EHUko Informatika Fakultateko irakasleak

Hezkuntzarako informatikaren azken ekarpenak ikastoletan

Hezkuntzan ordenagailua tresna osagarri gisa ikustea lortu da. Gero eta gutxiago dira ordenagailua ikasleen trebakuntza aberasteko helburuarekin erabiltzen ez duten irakasleak

Dagoeneko joan dira urte batzuk ordenagailuak gurera heldu zirenetik. Arlo askotan izugarrizko iraultza ekarri dute; ikusi, bestela, egunerokotasunean zenbat aldiz dagoen ordenagailu bat egiten dugunaren atzean. Beste batzuetan, aldiz, espero zitekeena baino eragin txikiagoa izan dute, orain arte behintzat. Hezkuntza mundua da horren adibide garbia. 60ko hamarkadaren hasieran hasi ziren ordenagailuak hezkuntzan estreinakoz erabiltzen, eta ordutik hona aurrerapausoak eman diren arren, ezin ukatu zailtasunak egon, egon direla.

Hezkuntzarako informatika diziplinarteko arloa da. Besteak beste, informatikariek, psikologo kognitiboek eta hezkuntza eta trebakuntza munduko adituek osatzen dute arlo honetako familia. Batetik, hezkuntzarako teknologia garatzea erronka bilakatu da informatikarientzat, eta bestetik, izugarrizko potentziala duen tresna sortu da teoria kognitibo desberdinak probatu ahal izateko: ikasleari egokitutako ikaskuntza pertsonalizatua, ikaskuntza kolaboratiboa, urrutikoa...

Bestalde, ezin da ukatu hezkuntzan informatikarekiko beldurra egon dela hasieratik. Ikasle bakoitzak bere ordenagailua erabiliko badu ikasteko, ordenagailuak betiko andereñoaren papera hartuko badu, zer gertatuko da irakasleokin? Eta ikasleekin? Ez al ditugu pertsona indibidualistak sortuko, bakoitza bere ordenagailuarekin isolaturik lanean?

Egia da Internet aroaren aurretik hezkuntzarako sistema mota ugari sortu zela: sistema tutore adimendunak, irakaskuntzako inguruneak, sistema hipermedia eta multimediak... Nolatan da posible orduan, ordenagailuak hezkuntzan erabiltzen hasi zirenetik ia 50 urte pasatu ostean, irakasleen paper tradizionala hain gutxi aldatu izana? Gauzak aldatu dira, baina ez hasierako mamu horrek adierazten zuen adina. Batetik, argi ikusi da ezinezkoa dela makinekin irakasleak ordezkatzeko behar besteko adimena simulatzea, oraingo teknologiarekin behintzat. Ordenagailua tresna osagarri gisa ikustea lortu da ordea. Gero eta gutxiago dira ikasleen trebakuntza aberasteko helburuarekin ordenagailua erabiltzen ez duten irakasleak. Bestalde, argi dago egungo hezkuntza sisteman ikasle bakoitzari ordenagailu propioa eskaintzea ezinezkoa dela, orain arte. Arrazoi nagusia dirua da. Esfortzua eskola gehienetan informatika gela izateari eskaini zaio. Gaur egun, irakasle gehienek gela horretara jotzen dute ikasleek irakasgaien edukiak landu ditzaten.

Etxeetan ere gero eta arruntagoa da ordenagailuen erabilera. Teknologia berrien aurrean urteetan zehar mesfidati izan direnek ere ezin izan diete uko egin seme-alaben eskaerei. Eta zer esanik ez Internet gure bizitzan sartu denetik. Internet da, dudarik gabe, hezkuntzarako informatikan azken urteotako iraultza nagusia. Internet bidez, ikaskuntzan sistema mota berriak erabil daitezke, hala nola, e-ikaskuntza (ikaskuntza elektronikoa), m-ikaskuntza (ikaskuntza mugikorra) eta b-ikaskuntza (ikaskuntza mistoa). E-ikaskuntzari esker urrutiko hezkuntzaren hazkundea handia izan bada ere, zer esan gaur egungo gailu mugikorrek eskaintzen duten tokiarekiko menpekotasun ezak ematen duen malgutasunaz? Bestalde, irakasleen aktibitate didaktikoak osatzeko b-ikaskuntza -ikasteko modu klasikoa eta elektronikoa konbinatzen dituena- izan daiteke irakasleek hobekien onar dezaketen teknologia. Haririk gabeko sareak (Wi-Fi) gero eta arruntagoak dira. Gero eta errazago topa daitezke eskolatan eta erakunde publikoen inguruetan. Eta honek bai ekar dezakeela iraultza beste arlo askoren artean hezkuntza mundura. Ikastolen Elkartea jabetu da horretaz, eta hor ari da dagoeneko iraultza horretan parte hartzen.

Azkenaldian beraiekin elkarlanean ari gara hezkuntzarako informatika ikertzen ari den EHUko Ga-Lan taldea. Elkartekoek, informatikari dagokionez, beti izan dute azken aurrerapenekin bat egiteko gogoa. Berriki aurkeztu duten IKASYS proiektua da horren erakusle. Sistema horrek memorizazio eta trebatze ariketak lantzea du helburu nagusi, eta b-ikaskuntzan kokatzen da, ikaskuntza prozesurako tresna lagungarria baita hezkuntza testuinguru klasiko batean. IKASYSek ikasle bakoitzak ikasteko orduan bere estiloa eta erritmoa jarraitzea ahalbidetuko du, oraingoz Lehen Hezkuntzako bost arlotan: matematika, ingurunea, gaztelania, ingelesa eta euskara. Sistema honi esker ikasleari hainbat gaitasun lortzen laguntzea espero da. Lehen Hezkuntzako eduki kopuru mardula prestatu dute dagoeneko, eta aurten Bigarren Hezkuntzako edukiak prestatzeari ekingo diote. Horretaz gain, udaberrian hasiko dira ingurune errealetan probatzen. Ordenagailu bana jarriko dute ikasleen esku eta, emaitzak aztertuta, IKASYS sistema doitu eta hobetzeari ekingo diote. Sistema hau edonon erabil daiteke: ikastolan, etxean... beti ere Interneterako konexioa baldin badago. Ordenagailu estandar batean funtzionatzeko zein garatzen ari diren ordenagailu txiki eta merkeagoetan funtzionatzeko prestatuta dago.

Ikastolen Elkartea adi egon da hezkuntza arloan teknologiak egun ematen duena aprobetxatzeko. Guretzat pozgarria da lankidetzan aritzea, eta itxaropen handia dugu proiektu honetan, bai eta etorriko direnetan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo