GARA > Idatzia > Osasuna

Arnasa nafarrentzat jaitsieratik lau puntuko abantailaz

Natxo Monrealek Valladoliden irabaztea salbaziora bidean «izugarrizko pausoa» izango litzatekeela onartu zuen, eta bere etorkizuna albo batera utzi zuen

p053_f01_148x140.jpg

Arnaitz GORRITI | IRUÑEA

Egunero suarekin jolasean dabilena kiskali egin liteke noiz edo noiz. Hala, lantzean behin hobe du, bai, distantzia apur bat hartzea. Distantzia hori lortu izanagatik pozarren daude orain nafarrak, jaitsierako postuetatik lau puntuko aldea baitute uneotan nafarrek. 33 punturekin hamabigarren lekuan daude Zigandaren gizonak.

Azken bi neurketetan lau puntu pilatu ondoren, lau puntuko aldea lortu dute hamazortzigarren dagoen taldearekiko, Recreativorekiko hain zuzen. Partida bat baino gehiagoko aldea, alajaina! Duela lau hilabetetik hona inoizko egoerarik onenean daude iruindarrak.

Datorren jardunaldian errebalida pasatzea dagokie orain nafarrei. Alde batetik, Jose Luis Mendilibarren Valladoliden aurka jokatu beharko dute Zigandarenek. Puzelako taldeak Osasunak baino bi puntu gutxiago ditu eta jaitsieratik hurbilegi dago, hamazazpigarren lekuan baitaude uneotan. Horrez gain, uneotan jaitsiera postuetan diren Huelvako Recreativo eta Javier Clementek zuzentzen duen Murtziak elkarren aurka jokatuko dute. Hala, emaitzak egokiak balira, nafarrek jaitsierako postuetatik nabarmen aldentzea lortuko lukete. Azken urteetan salbazioa 40 punturekin lortu dela kontuan hartuta, liga amaiera lasaia izan lezake talde iruindarrak.

Hala ere, Osasunak Nafarroako Erresuman lau partida jarraian irabazi baldin baditu ere, etxetik kanpo lortutako emaitzak ez dira batere onak: bi partida baino ez dituzte irabazi eta zortzi puntu besterik ez Iruñetik kanpo jokatutako hamahiru neurketen ondoren. Nafarroako Erresumatik at lorturiko azken garaipena , gainera, joan den urtean erdietsi zuten, abenduaren 2an A Coruñako Deportivoren aurrean Riazorren 1-2 irabazi ondoren. Gorritxoek oraindik ez dituzte bi partida jarraian irabazi eta badute garaia. Dena den, Villarrealen aurka berdinketa lortu zuen Osasunak Iruñetik kanpo jokaturiko azkenengo neurketan; ikusteko dago talde iruindarrak joera on horri eutsiko dion ala ez.

Monreal kontuak eginez

Aurtengo Osasunan emaitzarik onenak jokalari gazteak ematen ari dira. Zigandak zelairatzen dituen gazteak, besteak beste, Kike Sola eta Natxo Monreal, maila ona eskaintzen ari dira.

Natxo Monreal 22 urteko ezkerraldeko lateralak talde gorritxoaren bigarren gola Krutxagak sar zezan erdiraketa bikaina egin zuen. Ondorioz, beste zenbait taldek datozen denboraldietarako beren agendan omen dute Monreal. Hala ere, jokalariak berak «oinak lurrean» ditu, eta bere «taldearen salbazioa» dauka buruan uneotan. Lehenik eta behin, atzelari nafarrak datorren asteburuko partidei begiratu zien atzoko entrenamenduaren osteko prentsaurrekoan.

«Ongi baino hobeto etorriko litzaiguke Valladoliden garaipena lortzea. 36 punturekin jarriko ginateke eta, nahiz eta oraindik puntuen beharra izango genukeen, izugarrizko pausoa izango litzateke salbazioa lortzeko. Gu baino atzerago dauden taldeen artean beti dago huts egiten duen baten bat, eta beraz, esan gabe doa hiru puntuok eskuratzea aparta litzatekeela guretzat».

Valladolidera begira baikor ageri zen Monreal. «Nire ustez, emaitza on bat lortzeko moduan gaude gure aukeretan konfiantza izanez gero. Azken aldian bezain ongi lan egiten badugu, nire iritziz, puntu horiek irabazteko aukera handia izango dugu».

Bere etorkizunari buruz galdetutakoan, Monreal Osasunari atxiki zitzaion. Min hartuta bajan zegoen bitartean talde nafarrak kontratua luzatu zion atzelariari, eta bere esker ona azaldu nahi izan zuen iruindarrak.

«Osasuna nirekin ondo baino hobeto portatu da. Okerren nengoen unean, iazko denboraldia eta gero min hartuta nengoenean nire aldeko apustua egin zuen. Beraz, taldeak nirekin izan duen portaerarekin oso gustura nago».

«Badakigu nolakoa den futbola. Urte txarra eginez gero, inor ez da zutaz oroitzen; urte on bat egindakoan, berriz, hiruzpalau talde azaltzen zaizkizu. Oinak lurrean behar ditugu, nor garen eta non gauden argi izan. Handik aurrera ezer badator, hainbat hobeto», aitortu zuen.

Errekuperazio lana Taxoaren entrenamendu saioan igandean jokatutakoentzat

Garaipenek uzten duten aho zapore gozoa lagun, entrenamendu arina izan zuten atzo Taxoaren.

Alde batetik, igandean jokatu zutenek errekuperazio lana egin zuten. Besteek, berriz, teknika eta indar ariketak egiten jardun zuten.

Min hartuta daudenen artean, Delporte, Miguel Flaño eta Nekounamek entrenamendu saioa bete ahal izan zuten, partzialki izan bazen ere. Margairazek errekuperazio prozesuan jarraitzen du.

Entrenamendu egutegiari dagokionez, talde nafarrak atseden eguna izango du gaur. Biharko, berriz, lan saio bikoitza agindu du Zigandak.A. G.

Lau puntuko aldea

Lau hilabete pasa dira Osasunak azkenengoz jaitsierako postuetatik lau puntuko aldea lortu zutenetik. Zigandarenek orain dute aukera, Valladolideko neurketatik hasita, alde hori handitu eta liga amaiera lasaia lortzeko.

Monreal, zuhur

Natxo Monreal lan bikaina burutzen ari da eta, antza denez, zenbait talderen agendan ei dago. Hala ere, iruindarra zuhur mintzo da. «Badakigu futbola nolakoa den eta, oinak lurrean, zein garen ongi jakin behar dugu».

Patxi Puñal ez da Valladoliden izango txartelak direla-eta

Joan den asteburua talde gorritxoarentzat ona izan bada ere, albiste txar bat ere ekarri digu. Almeriaren aurka bosgarren txartel horia jaso izanagatik, Patxi Puñalek ez du Valladoliden jokatzerik izango datorren igandean. Itxura denez, Martín Astudillok jokatuko du bere lekuan.

Plasil Txekiar Errepublikaren deialdian dago

Danimarkaren aurka lagun arteko partida bat jokatzeko, Osasunako Jaroslav Plasil Txekiar Errepublikaren deialdian sartu zuten atzo. Aurtengo Eurokopa prestatzeko neurketa da honakoa eta hilaren 26an jokatuko da. Plasil Zigandaren hamaikakoetan sarri egoten da eta lau gol ere sartu ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo